Reimundez eta Itxaso, gaur.
(Ane Olaizola)
Datozen udal hauteskundeetako Azkoitiko PSE-EEren alkategai aurkeztuko da Miguel Reimundez, Denis Itxaso alderdiko Gipuzkoako ahaldun nagusigaiarekin batera eskaini duen prentsaurrekoan. "Azkoitiarentzat hoberena lortzeko asmoz aurkeztu naiz", esan du. Hiru agintaldi darama Reimundezek udaleko zinegotzi lanetan, eta laugarrena bidean du. Aitortu du ez duela alkatetza lortzeko helbururik, baina "udalaren kudeaketan erabakigarria" izateko asmoa du.
Bi agintaldi oposizioan, eta bat EAJrekin Udal Gobernuan eraman ditu Reimundezek, eta hain zuzen, Bilduk orduko eskaera gehienak bertan behera utzi dituela salatu du. "Orain, ordea, proiektu gehienak hurrengo urteko aurrekontuetarako sartu dituzte. Kasualitatea da, ordea, agintaldiko azken aurrekontuak izango direla". Itxura garbitu nahia egotzi dio Udal Gobernuari, eta hauen kudeaketa "eskasa" eta "behin-behinekoa" izan dela salatu du. "Agintaldiko gairik gatazkatsuena", hondakinen bilketarenak, ere izan du hizpide. Itsasok eta Reimundezek "herritarren nahiari entzungor" egitea leporatu diote Bilduri, eta egitekoan diren herri-galdeketa "baldintzatua" izango dela adierazi du, "herritarrei alternatibarik eman gabe". Beste hainbat auzo, berriz, "baztertuta" daudela eta, egoerari buelta emateko beharra azpimarratu du, esaterako Ipintza eta Txalon Erreka auzoetan.