Ingurumen Ekintza Planaren zirriborroa aurkeztuko du bihar udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko abe. 9a, 06:30

Azkoitiko Udala Ingurumen Plana osatzeko lanean da, eta horretarako hasi duen prozesuaren barruan, herritarrekin bilera bat egingo du bihar, 18:30ean, Elkarguneko areto nagusian. Ekintza Planaren zirriborroa landuko dute bertan; hala nola, helburu eta programa nagusiak aurkeztuko dituzte, eta helburu bakoitzaren taldeko plana osatuko dute. Hau da, herritarren ekarpenak jasoko dituzte, eta horiek guztiak batu eta ekintza plana osatzeko ados jartzeko asmoa dute. «Azkoitiko iraunkortasuna» lortu asmoz, 2002. urtean Ekintza Plana osatu zuen udalak, eta indarrean egon zen aurreko urtera arte. Izan ere, udalaren arabera, plan hori zaharkituta geratu da, Azkoitiko «errealitatea eta beharrak aldatu egin direlako». Egungoak, beraz, «ingurumen errealitateari» erantzun diezaion, Ingurumen Plan berria hasi du. Horretarako, Elkarrekin 21 lantaldeak ingurumen diagnostikoa osatu du, herriko zenbait eragile elkarrizketatu ostean eta urrian egindako bileran herritarren ekarpenak jaso eta gero. Txosten horretan, Azkoitiko ingurumenari lotutako hainbat esparrutako informazioa jaso dute. Diagnostikoa osatu ondoren, Ingurumen Ekintza Planaren lehen zirriborroa diseinatu du Elkarrekin 21 taldeak, udalarekin adostuta. Herriko etorkizunerako helburu eta ekintza nagusiak zehaztu dituzte zirriborroan, eta hori herritarrei aurkeztuko diete bihar. «Izan ere, dokumentu hau Azkoitiko Ingurumeneko Ekintza Plan berria osatzeko oinarrizko dokumentua izango da, eta hau entitateekin, elkarteekin, erakundeekin eta herriko eragile sozial eta ekonomikoekin diseinatzeko asmoa dugu», esan du udalak. Honen esanetan, bilerara joaterako zirriborroa irakurtzea ezinbestekoa da, «ekarpenak modu eraginkorrean egin ahal izateko». Txostena udalaren webunean, www.azkoitia.eus helbidean aurkitu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide