Elkarguneko saskibaloi kantxaren lurra berrituko du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko abe. 2a, 17:38

Azkoitiko Udalak sei proiektu egiteko 205.450 euroko kreditu aldaketak egin ditu. Besteak beste, Elkarguneko saskibaloi kantxa egoera txarrean dagoela eta, hango lurra berrituko dute, eta horretarako 84.000 euro bideratuko dituzte. Etxez etxeko zerbitzua ere indartu dute, 50.000 euroko aurrekontuarekin. Azkoitiko San Joango futbol zelaian harmailak ere estaliko dituzte, eta hango posteak babestuko dituzte, 26.750 euroko partidarekin. Nagusia Kaleko hiru eta bost zenbaki artera sartzeko dauden eskailerak ere berritzeko obrak egingo dituzte, hango irisgarritasun arazoei aurre egiteko asmoz. Horrek 23.000 euroko aurrekontua izango du. Txiki Golf tabernan, bestetik, hesi bat jarriko dute, eta horrek 15.700 euroko gastua eragingo du. Azkenik, «babesik gabeko egoeran» aurkitzen diren familiei zerbitzua indartuko die, 6.000 eurorekin. Udal Gobernuak hala proposatuta, Udalbatzak osteguneko osoko bilkuran onartu zituen proiektu horiek egiteko kreditu aldaketak, Bilduren aldeko botoekin, EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin eta Azkoitia Bairen kontrakoekin. Koalizioa ez dago ados San Joango harmailak estaltzeko egon den prozesuarekin. Horien ustez, proposamenak egiteko asti gehiago eduki beharko zuketen, zuzenean onartu beharrean. Udalaren arabera, egitasmo bakoitza martxan jartzeko prozedurak berehala hasiko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide