Hondakinen gaikako bilketan %80ko langa gainditu dute Azkoitian, eta orain arteko birziklatze tasarik handiena lortu dute. Hala jakinarazi du udalak, iraileko eta urriko datuak eman ostean. Izan ere, jakinarazi dutenez, irailean hondainen %77 gaika jaso zituzten, eta urrian %80ko tasara iritsi ziren.
Uztailean abiatu zuten sistema mistoa, eta ordutik errefusa atez ate jasotzen da, eta gainontzekoa edukiontzien bidez. Sistema aldatu zutenetik gaikako bilketa tasa «etengabe» gora doala azpimarratu dute. Besteak beste, aurtengo lehen hiruhileko datuekin alderatu dituzte oraingoak: urtarrilean, %43 jasotzen zen gaika eta otsailean eta martxoan %38 bildu zuten bereiztuta. Era berean, 2013ko urrian, %32ko birziklatze tasa zegoela gogoratu dute. «Beraz, hilabete gutxitan, bilketa sistema aldatuta, tasak bikoiztu egin dira», esan du Esther Lizarralde alkateordeak.
Udal Gobernuarentzat «datu oso onak» dira lortutakoak, eta «Gipuzkoako hainbat herritan bezala, aldaketarako apustua egin delako lortu dira datu hauek». Udalaren iritziz, sistema berriak eta herritarren parte hartzeak ahalbidetu du aldaketa, eta horregatik herritarrak zoriondu eta eskertu ditu, «aldaketarekin bat egin eta birziklatzearen alde egiten ari direlako». Udalak orain duen erronka da «aldaketa egonkortzeko lanean jarraitzea». Izan ere, «aldaketa txiki batekin» briziklapen tasek gora egin dezaketela frogatu dela esan dute, baina oraindik tasa altuagoak lortu daitezkeela uste dute.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide