Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta indarkeria matxista salatzeko, bihartik hainbat ekitaldi antolatu dituzte Azkoitian.
Udalaren eskutik, Tertulia Lila egingo dute bihar (asteaazkena), Zaida Fernandezekin. Bertan, indarkeriaria matxistari buruz eztabaidatuko dute, eta erasoak identifikatu, kontzientzia hartu eta mitoak aztertuko dituzte, 18:00etatik 20:00etara, Elkargunean.
Udalak Txapa Tailerra ere antolatu du ostiralerako, Lore Etxberria eta Kattalin Minerrekin. 16:00etatik 20:00etara izango da saioa, Elkargunean, eta udalaren arabera, egitasmo honen bidez emakume eta feminismoaren inguruan hausnartuko dute, txapak egiten dituzten bitartean.
Indarkeria matxista detektatzen eta erasoei aurre egiteko teknikak bereganatzeko, berriz, autodefentsa ikastaroa antolatu du udalak. Alaitz Mañesek emango ditu saioak, azaroaren 18an, 19an eta 26an eta abenduaren 7an, 17:00etatik 20:00etara, Elkargunean. Hilaren 21ean, berriz, zine emanaldi bat izango da Baztartxo aretoan, Matadero Zinetogram taldeak eta Emakumeen Mahaiak antolatuta. Ikastaro guztiak doan izango dira, eta behar izanez gero haurtzaindegi zerbitzua jarriko dute. Informazio osoa udaletxeko berdintasun sailean edo 943-85 71 74 telefonoan lortu daiteke.
Gazteak eta indarkeria matxista. Zertan ari gara? Nola egin aurre? Gai hori ardatz hartuta mahai ingurua egingo dute azaroaren 24an, 19:00etan, Azpeitiko Sanagustin Kulutrgunean. Azkoitiko eta Azpeitiko Hezkidetza Foroak antolatu dute ekimena, eta Lorea Aizpuruak moderatuta, Josebe Iturrioz, Susana Manzanedo, Haizea Egiguren eta Axier Baglietto izango dira mahaiaren bueltan.
Azkenik, Emakumeen Mahaiaren eskutik, elkarretaratzea egingo dute hilak 25ean, 19:00etan, plazan.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide