Ingurumen plan berria diseinatzeko herritarrekin bilera egingo du Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko urr. 15a, 12:14

Azkoitiko Udalak Ingurumen Plan berria egingo du, gaur egun indarrean dagoena «zaharkituta» geratu delakoan. Herriko iraunkortasuna bermatzeko prozesua hasi zuen udalak duela hamalau urte, eta ordutik lan desberdinak egin badira ere, plana berritzeko prozesua abiatu du. Izan ere, udalaren arabera, Azkoitiko errealitatea eta beharrak aldatu egin dira ingurumenari dagokionez. Ingurumen Plan berria egiteko Elkarrekin 21 aholkularitza enpresa kontratatu dute, eta herriko ingurumen diagnosia osatu du. Horretarako, herriko eragileekin hitz egin dute, eta besteak beste Plaza Ondo jubilatu elkartearekin, tabernariekin, merkatariekin eta ikastetxetako ordezkariekin elkartu dira azken hilabetetan. Udalak dagoeneko eskuartean du diagnostikoa: «Dokumentu honek egungo Azkoitiko esparru ezberdinen inguruko informazioa biltzen du, eta herriko errealitatea modu sintetikoan islatzea nahi du», esan du. Honen arabera, Azkoitiko Ingurumen Plan berria osatzeko «oinarrizko dokumentua» izango da diagnostikoa, eta hurrengo fasera igaro aurretik, ondorio nagusiak herritarrei azalduko dizkie. Herriko entitateekin, elkarteekin erakundekin eta herriko eragile sozial eta ekonomikoekin diseinatuko dute plana, eta horretarako herritarrekin elkartuko dira asteartean, hilaren 21ean. Elkargunean izango da bilera, 18:30ean, eta bertan diagnosia aurkeztuko diete herritarrei. Ondoren, han bildutakoen iritzi eta ekarpenak jasoko dituzte, eta hemendik aurrerako urratsak zehaztuko dituzte. Udalak herritar guztiei dei egin die bertaratu daitezen, «Azkoitia iraunkorra denon artean» egin dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide