XIX. mendean antolatutako Lore Jokoei keinu eginez prestatu du elkarteak ginkana udazkenerako. Euskal Herriko kulturari eta Azkoitiari buruzko probak egingo dituzte hiru asteburutan, eta lehenengoa larunbatean hasiko da. Hiru asteburutan puntuazio gehien lortzen duten hiru talde azaroaren 15eko finalera igaroko dira.
Gehienez hiru laguneko taldeak osatu beharko dira, eta horiek larunbatero galdera eta proba berriak jasoko dituzte. Lehenengo proba urriaren 18tik 24ra izango da, bigarrena urriaren 25etik 31ra, eta azkena azaroaren 1etik 7ra. Taldeek zazpi eguneko epea izango dute erantzunak entregatzeko, eta horretarako azken eguna ostirala izango da, 18:00ak baino lehen. Erantzunak bi modutara eman daitezke: tabernetan egongo diren ontzietan utzita edo Internet bidez,
www.maxixatzen.com helbidera idatzita. Lehiaketan parte hartzeko urriaren 24a baino lehen eman behar da izena, banatutako eskuorriak taldearen eta taldekideen izenak zehaztu eta tabernetako buzoietan utzita edo
maxixatzen@gmail.com helbidera idatzita. Irabazleek herriko dendetan gastatzeko 300 euroko balea eta
Argia edo
Berriaren urtebeteko harpidetza jasoko dute, eta finalistek afaria eta
Euskara jendea dokumental sorta irabaziko dute. Parte hartzaileen artean ere hainbat sari zozkatuko dituzte.