[caption id="attachment_110479" align="aligncenter" width="300"] Jose Maria Arrietak EAJko zinegotzi kargua hartu zuen atzo
(Ane Olaizola)[/caption]
Azkoitiko Udalbatzara batu zen atzo Jose Maria Arrieta jeltzalea. Iosu Bastidaren dimisioaren ondotik hartu zuen kargua atzoko osoko bilkuran, eta haren postua ordezkatuko du Arrietak. Era berean, Xabier Gantzarain EH Bilduko zinegotziaren dimisioaren berri eman zuten. Arrazoi profesionalen ondorioz utzi dio Euskara eta Kultura sailetako zinegotzi izateari, Arteleku-Santa Teresako koordinatzaile artistikoa izateak eragiten dion "bateraezintasuna" dela eta. Udal Gobernuak hark egindako lana eskertu du.
Horrez gain, Azkoitiko San Jose Egoitzako Psikogeriatriko, Adinen Egoitzako, Eguneko Zentroko eta Tutoretzapeko Etxebizitzen zerbitzuen kontratua urtebetez luzatzea onartu dute. 2012an sinatu zuten bi urtetako kontratua Biharko enpresarekin, San Joseko batzordean adostu zuten beste urtebetez luzatzea, aho batez. Udalabatzak, berriz, EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta Azkoitia Bairen aurkakoekin onartu du. Koalizioko bozeramaile Julen Garatek salatu du San Joseko zuzendariak ez duela betetzen euskara profila: "Orduan salbuespen bezala eman zenioten urtebeteko epea, eta bi urte pasatu dira eta oraindik ez du lortu profila", esan du. Azkoitia Bairen ustez, "baldintzak guztientzat berdina izan behar dute". "Baldintzak zerbaiterako balio behar dute, bestela ez da jarri behar". Urrategi Alberdi alkateak arrazoia eman dio Azkoitia Bairi, baina "ikasten" ari dela erantzun du: "Bigarren maila atera du, eta ahalegina egiten ari da".