Azkoitiko Udala Urola ibaia garbitzeko auzolana prestatzen ari da hurrengo larunbaterako, eta herriko eragile, talde eta norbanakoak animatu dituzte bertan parte hartu dezaten. Izan ere, Azkoitiko hainbat taldeekin batera garbituko dute ibaia, eta dagoeneko jarri dira harremanetan horietako batzuekin. Zubiola enpresak, esaterako, bihar goizean garbituko du berari dagokion eremua, hurrengoan ezin dutelako.
Udalaren esanetan, "ingurumena zaintzeko, zenbait ohitura salatzeko — ibaira edozer botatzeko ohiturak, esaterako—, auzolana sustatzeko eta herriko taldeek ingurumenarekiko duten konpromisoa azpimarratzeko asmoz" garbituko dute Urola. Hamar zatitan banatuko dute ibaia, eta bakoitzak bere eremua garbitu beharko du. Udalak bere zatia izango du, eta hain zuzen, zati hori garbitzera animatu dituzte herritarrak. Interesa dutenek hurrengo asteazkena, hilak 17a, baino lehen eman behar dute izena, materiala behar bezala antolatzeko ezinbestekoa dutelako. Izena udaleko ingurumen sailean eman behar da, 943-85 71 72 telefonora deituta.
Hilaren 20an, 09:30ean elkartuko dira boluntario guztiak, plazan. Udalak eskularruak eta plastikozko poltsak emango dizkiete parte hartzaileei, eta 12:00ak aldera amaitzea aurreikusten dute. Bukatutakoan hamaiketakoa egingo dute plazan, eta jasotzen duten zabor guztia han utziko dute astelehenera bitartean, "herritarrak kontzientziatu daitezen".
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide