Denis Itxaso Gipuzkoako PSE-EEren Ingurumen idazkariak eta Miguel Reimundez Azkoitiko PSE-EEko bozeramaileak prentsaurrekoa egin dute arratsaldean, Azkoitian hondakinak biltzeko jarri berri duten sistema mistoaren balorazioa egiteko asmoz. Sistemaren aurka agertu dira, "aldebakarreko erabakia" izan delakoan. Itxasoren ustez, "herritarren presioak" Azkoitian atez atekorik ez jartzea eragin du, baina taldearen arabera, sistema mistoa atez ateko hutsaren hasiera da. "Ez da ulergarria egin duten inbertsioa ez da frakzio bakar batentzako. Denbora pasatu ahala, atzean atez ateko sistema hedatzen joateko estrategia dagoela uste dugu". Hori saihesteko, herritarrei dei egin die ahalik eta gehien birzikla dezaten.
"Guretzat positiboa da frakzio ia guztiak edukiontzien bidez jasotzea erabaki izana, baina iruditzen zaigu zentzugabekeria ere badela kostuak %62 igotzea. Jakin izan dugun arabera, Urola Erdiko Mankomunitateak Azkoitian bakarrik 425.000 eurotik 690.000 euro ordaintzera igaroko da", esan du Itxasok. Alderdiaren esanetan, posteak jartzeak eta zazpi langiletik bederatzi izateak eragingo du igoera hori. PSE-EErentzat, gainera, kostuen igoera hori txipdun edukiontziarekin saihestuko litzateke, eta sistema horrek %70eko birzklatze tasak ere ahalbidetuko lituzke. Izan ere, taldeak berretsi du "edukiontzien sistema" dela "merkeena, ordenatuena, txukunena eta intimitatea gehien errespetatzen duena".
Honen aurrean, hondakinen sistema "zulo ekonomikoa" izan ez dadin, "arrazionaltasuna" eta "entzuteko jarrera" izan ditzatela eskatu diote Bilduri. Era berean, gaurko osoko bilkuran herri galdeketaren alde bozkatu dezala eskatu diote Udal Gobernuari.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide