Duatloi ofiziala egiten dute urtero Azkoitian; oraingoan, federatutakoek ezingo dute parte hartu
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Tritloia Elkarteak, Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkarteak, Anaitasuna Mendi Bazkunak eta Xeye eta Raka Maraton Atletismo taldeek Azkoitiko Duatloi Herrikoia antolatu dute lehenengo aldiz, zaleak kirol hori ezagutu eta gerturatu daitezen. Ostiral arratsaldean egingo dute proba, eta federatu gabeko eta hamasei urtetik gorako azkoitiar eta azpeitiarrek hartu ahal izango dute parte. Izan ere, Azkoitian duatloi txapelketa ofiziala egiten da bestela ere, baina antolatzaileak jakitun dira inguruan zaletasun handia dagoela kirol horren inguruan, eta haiei aukera eman nahi izan die oraingoan; «duatloi ofizialetan sekulako maila egoten da eta jendea ez da animatzen, baina kirolari asko daude horren maila ona ez dutena, eta lagunartean edo zaletasunez ibiltzen direnak».
Egunean bertan eman beharko dute izena parte hartzaileek, 17:00etatik 18:30era artean, plazan. Ordutik aurrera ezin izango da inskribatu, zerrenda federaziora bidaliko dutelako. Bost euroko prezioa izango du izena emateak, «korrikalarien aseguruak kostatzen duena».
Plazan bertan hasiko da lasterketa, 19:00etan, eta «ibilbide motza eta erraza» izango dute aurretik. Lehenengo, bi kilometro egingo dituzte korrika; plazatik hasita, Plaza Berritik Balda Plazara joango dira, eta handik ezkerretara hartu eta Ignazio Iriarte Margolaria kaletik plazara hartu eta Kale Nagusia zeharkatuko dute, Baztartxora joateko bidegurutzeraino. Plaraza joango dira handik, eta halako bi itzuli oso egingo dituzte. Ondoren, bizikletan egiteko sei kilometrotako tartea hasiko dute, eta plazatik Santa Kutzera joko dute. Hango industrigunean zeharkatuko dute, eta berriro plazara itzuliko dira. Horretarako, beharrezkoa da kaskoa eramatea, eta mendiko bizikletarekin ere irten daiteke. Amaitzeko, hasierako itzuli bakarra egingo dute korrikan.
Antolatzaileek erantzun ona jasotzea espero dute: «50 lagun baino gehiago behintzat izango direla ziur gaude». Sariei dagokienez, helmugara iristen diren lehen hiru gizon eta emakumeei banatuko dizkiete trofeoak, eta kategoria desberdinen artean ere sariak izango dira.
Herriko bost kirol taldeak batera antolatzen duten bigarren saioa — martxoan Ainhoa Murua triatleta zarauztarra eta Leire Olaberria txirrindulariarekin mahai ingurua egin zuten— izango da duatloi herrikoia, eta aurrera begira zenbait ekintzak antolatzerako orduan ere elkarlanean segitzeko asmoa dute. Era berean, ostiraleko proba ondo joanez gero, ez dute baztertzen duatloia prestatzen jarraitzea.