Azkoitia Baik jakinarazi du hilaren 22an hasiko direla errefusa atez ate jasotzen

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko uzt. 1a, 08:30

30 lagun inguru elkartu ziren batzarrean, Elkargunean
(Ane Olaizola / Hitza) Azkoitian jartzekotan diren hondakinen bilketa sistema berriaren inguruan azken asteetan sortu den giroa dela eta, Azkoitia Bai koalizioak herri batzarra egin zuen joan zen ostiralean, herrian zabaldutako «informazio okerrak» gezurtatu, eta aurrera begira ematekoak diren pausoak plazaratzeko. Hain zuzen, sistema mistoa «aldaketa txikia» izango dela berretsi dute, eta azpimarratu dute Azkoitikoa ez dela atez ateko sistema. Zazpi edukiontzik— beira, papera, plastikoa-ontzi arinak, fardelak, olioa, pilak eta arropa— jarraituko dute eredu berria martxan jartzen dutenean, eta soilik errefusa jasoko dute modu horretan. Koalizioaren esanetan, udalak hilaren erdian banatuko ditu organikoentzako txipak, errefusarentzako edukiontziak eta frakzio bakoitza sailkatzeko liburuxkak. Ondoren, hilaren 22an dira errefusa atez ate jasotzen hastekoak. «Irailean, jarraipen mahaia bilduko da, emaitzak aztertu eta hobekuntzak egiteko». Hain zuzen, eredu berriarekin sanandresetarako %80ko birziklatze tasara iristea espero dute. «Ez dugu uste Azkoitiak duen arazo larriena hau denik, baina agintaldi honetan eztabaida gehiena sortu duena da». Taldearen arabera, «batzuk nahita ari dira gaia puzten, arazo bat bezala planteatuz», eta «hainbat zurrumurru» gezurtatu dituzte; kostu ekonomikoari dagokionez, eredu berria ez dela egungoa baino sei aldiz garestiagoa izango argitu dute, eta eginda dagoen txosten ekonomikoa ekarri dute gogora; «%70eko birziklatze tasara iristen bagara, merkeagoa izango da». Inoren «intimitatea» ere ez dela urratuko berretsi dute, eta sistema «zikina» izango denaren inguruan, gogora ekarri dute astean «gau batez» egongo direla errefusaren kuboak zintzilik, eta hain zuzen, hura materia bizigabea izanik, usainik ez duela sortzen. Sistema berria, orain artekoak funtzionatu ez duelako jarriko dutela esan dute. «Bost urtetan guztiok eduki dugu birziklatzeko aukera, baina %28tik %32ra besterik ez da igo». Azkoitia Bairen ustez, «gezur horien atzean interes politikoak daude». Eztabaida, berriz, bilketaren gaian zentratu dela irizten dio taldeak, baina aurretik gutxiago sortu eta berrerabiltzea indartu behar direla esan dute. Bien bitartean, atez atekoaren aurkako plataformakoak mahai ingurua egiteko gonbidatu dituzte. «Ez daukagu inongo arazorik beraiekin hitz egin eta gauzak argitzeko». «Erantzunaren zain» daudela esan dute. Hondakinen inguruan eman den prozesuari dagokionez, berriz, orain arteko «serioena eta interesgarriena» izan dela uste du taldeak, eta 2013an hasitako bidea «herritar guztiei irekitakoa» izan dela berretsi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide