Andramarietako kartel lehiaketa antolatu du Azkoitiko Udalak hirugarren urtez

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko eka. 20a, 16:14

Bertan parte hartzeko oinarriak aurreko urteetako berak dira, baina berritasun batekin datoz: aurten kartelen erakusketa eta herritarren botoa Elkargunean izango dira. Beñat Alkorta, aurreko urteko Andramarietako kartel lehiaketaren irabazlea. (Argazkia: Ane Olaizola/Hitza) Kartel lehiaketan nahi duen edonork har dezake parte, eta bakoitzak gehienez lan bat aurkezteko aukera izango du. Lanak egiteko edozein teknika edo material erabili daiteke eta 350 milimetro zabal eta 500 milimetro altuerako neurriak izan beharko dituzte. "Bereziki" baloratuko dira gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna eta herritarren aniztasuna errespetatzen eta sustatzen dituzten lanak. Erakusketa Elkargunean egongo da ikusgai uztailaren 12an eta 13an, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Herritarrek beraien botoa emateko aukera izango dute bertan, nahiz eta Azkoitiko Udalak aditu talde bat izendatuko duen lehiaketaren irabazlea aukeratzeko. Lehiaketaren irabazleak 200 euroko saria jasoko du. Kartelak festetako egitaraua iragarriko du eta Azkoitiko Udalaren jabetzan geratuko da. Nahitaezkoa da kartelak argitaratu eta sinatu gabeak izatea, eta udaletik  adierazi dute jasotako lan guztiak erregistratu egingo dituztela. Aparteko kartazal batean idatziko dira egilearen izen-abizena, jaiotze data, NAN zenbakia, herria, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa. Lanak Azkoitiko Udalean aurkeztu beharko dira (Herriko plaza z/g, 20720 Azkoitia helbidean) ekainaren 25etik uztailaren 10era bitartean. Udalak dei egiten diete herritarrei lehiaketan parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide