Euskalerriaren Adiskideen Elkartea 250. urteurrena hasiko da ospatzen larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko eka. 17a, 12:39

Urteurrenaren harira, intxaurrondoak landatu zituzten urtarrilean
(Ane Olaizola / Hitza) Duela hilabete batzuk iragarri zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak bere sorreraren 250. urteurrena ekainean hasiko zela ospatzen. Larunbat honetan ekingo diete ospakizunei, eta elkartea Azkoitian sortu zenez, hango Intsausti Jauregian izango da lehen ekitaldia. Izan ere, larunbatetik aurrera urtebete osoan izango dira ekitaldiak Azkoitian, inguruetan eta nazioartean. Azkoitiko zalduntxoek eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko sortzaileek duela bi mende eta erditik aurrera egin zuten lana omenduko dute hasierako ekitaldiaren bidez. Meza nagusia egingo dute Azkoitiko parrokian, 10:30ean, eta garai hartako abestiak eskainiko dituzte Parrokiko eta Iraurgi abesbatzek, Jose Luis Frantzesena organo-jotzaileak eta Jose Maria Sagarzazu txistulariak hartuko dute parte. 12:00etan izango da Intsaustiko ekitaldia. Sahatsa dantza talde osoak Gipuzkoako Ezpatadantza eskainiko du, eta antolatzaileen arabera, «ikusgarria» izango da, jende ugarik hartuko duelako parte. Urteurreneko ospakizunak inauguratu ondoren, Intsaustiko soinu-irudiak emanaldia eskainiko dute Iraurgi Abesbatzak, Txalkor Txistulari taldeak eta Sahatsak. Bukaeran, berriz, sagardoa eta txorizoa banatuko dute guztientzat. Ohi bezala, ekitaldiak irekiak izango dira nahi duten guztientzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide