Azkoitiko taldea, ostiralean, Asteasura joan aurretik
(Ane Olaizola)
Partida erabakiorra zuen ostiralean Azkoitiko taldeak, Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan aurrera egitea baitzuen jokoan. Gutxienez bi partida irabazi eta lau tantoko aldea atera behar zizkieten asteasuarrei, baina aurkari gogorrekin egin zuen topo beste behin Azkoitiak, eta 1-2 galdu zuten Asteasuko pilotalekuan.
Asteasuren aurako joaneko partidako emaitza errepikatu zen itzulekoan ere, jubenilak izan baitziren partida irabazi zuten bakarrak, 4-22 menpean hartuta. Kadeteetan, 22-8 galdu zuten azkoitiarrek, eta seniorrek, aurrekoan bezala, 22-5 galdu zuten.
Azkoitiko taldea, beraz, ez da izango finalerdietan. Azkoitiko Oteiza Pilota Elkarteak aitortu du aurkari «gogorra» izan dela Asteasuko taldea, eta emaitza onartu besterik ez dutela esan dute. «Orain, hurrengo urterako prestatu eta aurrera jarraitu behar dugu».