Azkoitiko PSE-EE alderdiak udal gobernuaren "utzikeria" salatu du ohar bidez, eta ondorioz herriaren egoera "tamalgarria" dela esan du. Besteak beste, "beren lekutik ateratako baldosetaz, herdoildutako barandetaz, kalean utzitako hondakinetaz eta umeen jolas parkeen egoera txarraz" ohartarazi dute.
PSE-EEren ustez, udalak bideko garbiketan egindako murrizketek "ondorio larriak" dituzte, eta "hori oso agerikoa da, batez ere kanpoaldeko auzoetan". Era berean, udal gobernuak hartutako hainbat konpromiso ez dituela bete salatu dute, eta Lidl saltoki inguruan areka bat jartzea, anbulatoriotik Kale Nagusira pasabide bat egitea edota Azkoitia eta Loiola arteko bidegorrian bainu publiko bat egitea jarri ditu adibidetzat. Ildo honetan, musika eskolako proiektu berria "utzita" dutela eta San Martin kaleko aparkamenduen "arazoa konpondu gabe" dagoela adierazi dute.
Hondakinen kudeaketan, Azkoitia Baik eta Bilduk izan duten jarrera ere kritikatu du alderdiak. "Inposaketatzat" jo dute sistema mistoa jartzea, eta "herritarren nahia" kontutan hartu ez dutela salatu dute.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide