Javier Zubizarreta da Azkoitiko EAJren hautagaia 2015eko udal hauteskundeetarako

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko eka. 6a, 12:53

Javier Zubizarreta
(EAJ) Azkoitiko EAJk jakinarazi du nor izango den hurrengo urteko udal hauteskundeetarako hautagaia; Javier Zubizarreta izendatu dute EAJren zerrendaburu, independente gisa. Enpresaburua eta Anaitasuna Futbol Taldeko presidentea da Zubizarreta. Azken bost urtetatik da herriko futbol taldeko presidentea, eta aurretik, 1980. urtetik 1985era bitartean, taldeko idazkari eta diruzain karguak bete zituen. "Azkoitia azkoitiarrentzat" da bere leloa, eta independete moduan aurkeztu dela berretsi du: "Siglez haratago, herrigintzan eta auzolanean sinesten dut". "Ni ez nago trintxera politikoa egiteko. Denontzako dago tokia. Indarkeria atzean uzten goazen heinean eta haren arrastoa borraezina den arren, udal politikaren lana gauzak txukun egitea eta benetan azkoitiarrei hobeto bizitzen lagunduko dien proiektuak gauzatzea da". Hain zuzen, bere erronka "ahalik eta herri hoberena" egitea dela dio. "Zerbitzuetan, enpleguan, hezkuntzan, etxebizitzan, adin guztientzako aisia guneetan, patera pisuak egon ez daitezen, komunikazioan… lan egiten hasita gaude, baina ondo aztertu behar ditugu horiek guztiak". Urtebete inguru falta da udal hauteskundeetarako, eta egun programa osatzen ari da alderdia. Buruan "ekimen ugari" baditu ere, horiek sakontzea falta dela adierazi du. Zuhur da hautagaia, eta "beteko ez duen promesik" ez duela egingo agindu du: "Ez nuke egingo ez dudan eta beteko ez dudan zerbait egintzerik nahi. Lantalde bat gaude lehenengo zirriborro bat jorratzen eta azkoitiarren benetako arazoak, beharrak eta herriaren hobekuntzak ikusten. Azkoitiarren ekarpenak jasotzen ari gara". Lehenengo fasean daude egun, eta bigarrengoan proposamen horiek aukeratuko dituzte, eta aldaketara joko dutela aurreratu du: "Utopiak direnak baztertu, eta errealitatera egokitu beharko dugu. Agindutakoa egingo dute, azkoitiarrekin. Bulegoetan politika asko egin da, eta aldaketa bat eman behar da". Hala, herritar, elkarte eta erakundeen informazioa jasotzen ari dira egun, erabakiak hartu ahal izateko. Etorkizunari dagokionez, berriz, mezu baikorra eman du hautagaiak: "Herri hobea izateko saiakera egin nahi dut. Herri batean, beti dago ezkutuko sufrimendu asko, eta aste gehiago krisi garaietan. Bizitza ez da samurra, baina eramangarriagoa egin dezakegu. Lorpen handiak pausoz pauso lortzen dira, ukitu txikiekin".    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide