Azpeitia-Azkoitia SB klubeko taldeen lana baloratuz irekiko dute Garagardo Azoka

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko eka. 5a, 12:44

Azpeitia-Azkoitia SBko, Azkoitiko Udaleko eta Azkoitiko Tabernarien Elkarteko ordezkariak, gaur, aurkezpenean
(Ane Olaizola) Azpeitia-Azkoitia SBk prest du Azkoitiko Garagardo Azoka. Bihar zabalduko dituzte ateak, eta asteburu honetan ez ezik, hurrengoan ere garagardoz gozatzeko aukera izango da, 19:00etatik 02:00etara artean. Seigarren urtez herriko plazan jarriko duten karpa garagardo festak hartuko du, eta jan-edan artean musika emanaldiak eta txapelketak egingo dituzte. Ohiko formatuarekin jarraitu dute antolatzaileek, baina izango da berrikuntzarik garagardoari edota prezioi dagokienean. Klubeko talde guztien balorazioa egingo dute inaugurazio ekitaldian, bihar, 20:00etan. "Izar bezala, Espainiako Kadete Mailako Txapelketan azpitxapeldun geratu diren Gerdau Azkoitia ISB taldea izango da, baina guztien lana errepasatuko dugu", esan du Jose Luis Zubizarretan Xubi klubeko koordinatzaileak. 11 garagardo mota eskainiko dituzte, eta berrikuntza gisa, Radler eta Strongbow garagardoak eskainiko dituzte lehenengo aldiz. Azken hau, sagardoaren eta garagardoaren arteko "nahasketa" dela esan du klubak, eta honen arabera, Erresuma Batuan edota Australian gehien edaten den garagardoa da. Horrez gain, ohiko garagardo arruntak eta bereziak izango dira. Prezioei dagoekienez, sei garagardo bosten prezioan salduko dituzte estreinekoz. Era berean, kaña neurriko garagardo arruntak ere salduko dituzte lehenengoz, bi eurotan. Klubak azpimarratu du euren asmoa dela "ahalik  eta jende gehien erakartzea" ematea herritarrei, beraz, hirugarren urtez prezioak mantentu egin dituzte. Hala, pitxerra hiru eurotan salduko dute, garagardo berezia 4,5 eurotan, eta arrunta euro bat gutxiagotan. Edariarekin batera, janaria ere salduko dute, eta egunero musika emanaldiak izango dira, 23:00ak aldean. Biharkoan, Izer, Alabier eta Pinoren saioa izango da, eta larunbatean DJ Xabierren txanda izango da. Hurrengo asteburuan, berriz, Irish Wishkey eta Azkaiter Pelox taldeak izango dira taula gainean. Aurten, gainera, hilaren 14an mus txapelketa azkarra egingo dute, 15:00etatik aurrera. Bikoteko 30 euro ordaindu beharko dute, eta izena Azkoitiko Zurt tabernan eta Azpeitiko ISB tabernan eman daiteke. Egunean, 14:30eak artean ere eman daiteke izena, plazan bertan. Sariei dagokienez, lehenengo bikoteak 1000 euro, txapelak eta trofeoak jasoko dituzte, eta bigarrenak eta hirugarrenak 500 euro eta bi afari eta 250 euro eta bi afari jasoko dituzte. Azkenik, laugarren bikoteak bi afari irabaziko ditu. Azkoitiko Udalak eta tabernarien elkarteak laguntzen dute garagardo azokan. Hain zuzen, udalak gogoratu du ekimenaren helburua klubak aurrera egiteko autofinantziazioa lortzea dela. Tabernariek, berriz, halako ekimenak bultzatzeko prest egoten direla berretsi dute, besteak beste herrian giroa sortzen delako. Eguraldi ona dago iragarrita datozen egunetarako, eta taldeak erantzun ona jasotzea espero du. Hala, herritar guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide