Hondakinen inguruan Azkoitian sortu den giroa dela eta, herritar eta eragileek "arduraz eta modu eraikitzailean" jokatu dezaten eskatu die plenoan, Bilduk aurkeztutako mozio baten bitartez. Talde politiko guztiak etorri dira bat adierazpenarekin, eta aho batez onartu dute.
Joan zen ostiralean, atez atekoaren aurkako plataformak antolatutako bileran gertatutakoa "gogor salatu du" udalak. Julen Garate zinegotzia eta Urrategi Alberdi alkatea bilera informatzailera joan zirela gogoratu dute, "hondakinen kudeaketaren inguruan beharrezkoak ziren azalpenak emateko prestutasun osoz". Aldiz, "hitza ukatu" eta "irainka erasotu" zituztela adierazi zuen Esther Lizarralde alkateordeak; "han gertatutakoa ez da gizalegezkoa".
Halako gertaeren aurka "lehen eta orain" egon direla adierazi du EAJ. PSE-EEk, berriz, honakoa esan du: "Adierazpen askatasunaren edozein urraketa delitu oso larria da. Ez du inongo justifikaziorik, baina gaitzespenak zabalagoa behar du izan".
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide