Zabor poltsak eskegi dituzte hainbat etxebizitzetan
(Ane Olaizola)
Hondakinen gaiak tentsioa areagotu du azken egunetan Azkoitian. Joan zen ostiralean atez atekoaren aurkako plataformak bilera egin zuen Elkargunean, hondakinak kudeatzeko sistema mistoaren aurrean zer jarrera hartu eta joan zen apirilaren 25eko elkarretaratzearen balorazioa egiteko. Herritar ugari elkartu zen bileran, eta Urrategi Alberdi Azkoitiko alkatea eta Julen Garate Azkoitia Bai koalizioko bozeramailea ere joan ziren, taldearekin eta han elkartutakoekin hitz egiteko asmoz. Herritar batzuk, ordea, irainka eta txistuka hartu zituzten udal ordezkariak, eta azkenean hitzik egin gabe irten behar izan zuten aretotik.
Alberdik eta plataformak «penagarritzat» jo dute gertaera, baina taldeak udal ordezkariak beraiek jo ditu horien erantzule; «beraiek dira giro hau sortu dutenak herrian», esan dute. Udala etzi da onartzekoa hondakinak kudeatzeko sistema berria. Alberdik egunkari honi esan dionez, herritarrei «lasaitasun» mezua ematera joan ziren bilerara, baina plataformakoak izan ziren eragotzi zietenak, «mikrofonoa ezkutatuz». «Penagarriena da herritar batzuk hori txalotu eta hitz egiten utzi ez izana».
Herrian sortu den urduritasuna ikusita, herritar talde batek agerraldia deitu du asteazkenerako, sistema mistoa babesteko; «hondakinen mahaiak landu duen bilketa sistema mistoa Azkoitirako egokia dela deritzogu. Funtsean, keinu txiki bat baino ez du eskatzen. Aldaketa txikia da, baina azkoitiar denok keinua eginez gero, lorpen handia litzateke», esan dute. Asteazkenean, 19:00etan elkartuko dira, Elkarguneko plazan (San Martin auzorako igogailu ondoan).
Atez atekoaren aurkako plataformak deitutako bileran ehunka lagun izan ziren, ostiralean. Apirilaren 25ean egin zuten elkarretaratzearen balorazio «oso ona» egin ostean, udal gobernuaren eta Azkoitia Bairen jarrera salatu zuten beste behin, «herriari bizkar eman diotelako». Horren aurrean, balkoi eta leihoetan basura poltsak zintzilikatzera deitu zituen herritarrak, protesta gisa. «Ekintza hau ez dago zuzenduta inongo alderdira, soilik basura poltsekin identifikatu nahi gara, atez ateko garestia eta zikinaren aurka». Euren diskurtsoan atez atekoa «inposatuko» dutela azpimarratu dute behin eta berriro, sistema mistoaren bidez atez ate jasoko den frakzio bakarra errefusa izango bada ere, eta hura urtebeteko parte hartze prozesuaren emaitza izan bada ere. Era berean, plataformak hasierako jarrerari eusten dio, eta jakinarazi du ez duela «inondik inola» udalarekin elkartzeko asmorik, «euren jokuan erabiliko gaituztelako». Ostegunean egingo duten plenoari dagokionez, herritarrei dei egin die bertaratu daitezen.