Bileretako irudi bat
(Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalak dagoeneko amaitu ditu hondakinen inguruko bilerak. Herritar eta merkatariekin bederatzi bilera egin ditu, eta uztailean martxan jarriko duen sistema mistoaren inguruko informazioa emateko. Era berean, herritarrek euren zalantzak eta proposamenak adierazteko aukera eduki dute. Udalak emandako datuen arabera, 500 lagunek parte hartu dute bileretan.
Sistemaren nondik norakoak emateaz gain, errefusa jasotzeko jarriko dituzten zintzilikarioen kokapena ere jorratu dute. Etxez etxe ere banatu dute horien kokapena. Atez atez jasoko dute birziklatu ezin daitekeen zaborra, eta bebarru bakoitzak zintzilikarioa izango du. Horiek non jarriko dituzten jakinarazi diote bebarru bakoitzari. Herritarrak, ordea, kokapenarekin ados ez badaude, ekainaren 6ra bitartean egin ditzakete proposamenak. Horretarako, etxez etxe banatu duten orria bete beharko dute, bebarruko bizilagun gehienek zuzenduta, eta plazan ireki duten informazio bulegoan utzi beharko dute. Ekarpen guztiak aztertuta, zintzilikarioen behin betiko kokapena erabakiko du udalak.
Dena den, udala jakitun da leku batzuen inguruko kokapena zehaztea falta dela; hala, informazio hori ez dutenek ere bulegora jo beharko dute, eta han emango diete zintzilikarioen lekuaren berri. Proposamenak egiteko orria www.azkoitikoudala.info webgunean ere eskuratu daiteke. Merkatariek ere bulego horretatik pasatu beharko dute hurrengo astean, bilketarako behar duten materiala eskatzeko.
Informazio bulegoa "zalantzak argitzeko" dagoela gogoratu du udalak, eta edozein zalantzaren aurrean lasai joan daitezen gomendatu die. "Sistema aldaketa oso txikia izango da, eta herritarrentzat ahalik eta erosoena izateko ahaleginetan ari gara. Aldaketa txiki batek onura oso handiak ekarriko ditu, eta ahaleginak merezi du".