Azkoitiko eragile ugarik emanaldia eskainiko dute larunbatean, erabakitzeko eskubidearen alde

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko mai. 14a, 12:00

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten larunbateko emanaldia (Ane Olaizola/Hitza) Ekainaren 8an egingo duten giza katearen atariko ekimena prestatu du Azkoitiko Gure Esku Dagok larunbaterako. Giroa berotzen hasteko asmoz, herriko kirol, kultur eta gizarte eragileek emanaldia eskainiko dute, erabakitzeko eskubidea ardatz izanda. Hala, dantza, bertsoa, musika, antzerkia eta kirola uztartuko dituzte herriko kaleetan zehar, eta herritarrak beraiek izango dira protagonistak, "Gure Esku Dago herri ekimen bat delako, herriak duelako protagonismoa". Askotariko emanaldia izango da, eta Balda plazan hasiko da, 12:30ean; lehenengo, Ixabel Jauregi Xabier Munibe ikastolako irakasleak idatzi bat irakurriko du, eta ondoren Bizkari Musika Eskolako helduen dantza taldeak eta Txalkor Txistulari Taldeak ikurrinari gorazarre egingo diote, Ikurrinaren Dantzarekin. Bi talde horiek ez ezik, nahi duten guztiek dantza egin ahal izango dute. Emanaldia Balda plazan hasiko bada ere, herrian zehar ibiliko dira parte hartzaileak. Dantza egin ondoren, Azkoitiko zenbait trikitilarik Plaza Berria girotuko dute, eliza atarira iritsi arte. Han, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideek hartuko dute lekukoa. Guztiak batera joango dira plazara, eta Kontzejupean amaituko dute emanaldia; txapalartariek, Anari abeslariak, Koldarrak Antzerki Taldeak eta Anaitasuna Futbol Taldeko eta Iraurgi Saskibaloi Taldeko hainbat jokalarik hartuko dute parte han. Amaitzeko, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak idatzia bat irakurriko du, eta Gure Esku Dagoren abestian kantatuko dute guztiek. Ekitaldi "xume" honen bitartez ekainaren 8an Durangotik Iruñera egingo duten giza katera joatera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Azkoitiak giza kateraren 45. kilometroa osatuko du, eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dute egun horretan, "nazio bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako, gure etorkizuna gure esku dagoelako eta herritarren garaia delako". Azkoitiko taldeak gogoratu du larunbatero egoten direla giza katerako metroak saltzen, eliza atarian. Internetez ere eman daiteke izena. Bihar, hitzaldia Horrez gain, Tomas Urzainkik Erabakitzeko eskubidea eta Libertatearen Foruak hitzaldia eskainiko du bihar, Azkoitiko Gure Esku Dagok antolatuta. 19:00etan izango da saioa, Elkarguneko bigarren solairuko Zeharkako plaza aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide