Azkoitiko eta Azpeitiko Xeye Atletismo Taldeak kilometro bateko lasterketa prestatu du bigarrengo urtez larunbaterako, iazko probak izan zuen erantzun onaren ondotik.
Azkoitian izango da lasterketa, 18:30ean, eta aurreko urteko egitura berdina izango du; parte hartzaileek Altzibar auzoko biribilgunetik (Ford lantoki aurretik) Plaza Berri ia amaieraino egin beharko dute korrika, eta hiru minutu azpitik iritsi beharko dute helmugara. Korrikalariak minuturo aterako dira irteeratik, eta horien ordena zozketa bidez zehaztuko dute, 18:00etan.
Iaz bezala, bi helburu bete nahi dituzte probarekin; batetik, gutxienez hamar korrikalarik proba hiru minutu azpitik amaitzea nahi dute, eta bestetik, hamar lagunen artean 30 minutu baino gutxiago osatzeko asmoa dute. Joan zen urtean bi helburuak bete zituzten antolatzaileek; izan ere, 12 lagunek amaitu zuten proba hiru minututan, eta hamar lagunen artean 27 minutu osatu zituzten.
Ekimenean azkoitiko korrilakariek eta Xeyeko elkarteko edozein kidek hartu dezake parte. Izena Azkoitiko Elkargunean eman behar da, doan.
Gainera, asteburuko ibilgailu klasikoen topaketetako ekimenekin lotu nahi izan dute lasterketa, eta beraz, hura amaitutakoan herri kirolak izango dira Plaza Berri bertan, herrian giroa indartzeko asmoz.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide