Andramariak "hutsetik" prestatzeko prozesua egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko mai. 7a, 12:00

http://youtu.be/BastZM74ub4

Andramarietako banda
(Azkoitiko Udala) Azkoitiko Udalak bigarren urtez jarriko du martxan Andramariak prestatzeko parte hartze prozesua, baina aurtengoa irekiagoa izango da. Izan ere, joan zen urtean ere egin zituzten bilerak herritarrekin, baina Jexux Oteiza festetako zinegotziak gogoratu duenez, udalak egitarauaren "bizkar hezurra nahiko itxita" eraman zuen saio horretara; "ondorioz, gauza berriak egiteko aukera nahiko mugatua izan zen". Orain, ordea, egitaraua hutsetik osatzeko aukera izango dute herritarrek. "Edozein ideia, proposamen, aldaketakā€¦ baduzu, esaiguzu. Guztiak bildu, aztertu eta kontutan hartuko ditugu, eta denon artean erabakiko dugu nola hobetu festak", agindu du zinegotziak.   http://youtu.be/BastZM74ub4   Ekarpenak joan zen urtean baino lehenago hasiko dira jasotzen aurtengoan, eta dagoeneko hasi dira elkartzen eragileekin. Lehenengo pauso gisa, galdeketak kaleratu dituzte, honako hiru galderekin: Zein ekintza berri proposatuko zenuke aurtengo Andramarietarako?, Urtero egiten diren ekintzak zein beste modu berritzaile baten egingo zenituzte? eta Festetako egutegi, iraupen eta lekuen inguruan, zein berrikuntza proposatzen duzu?. Galdeketa horiek sare sozialetan, udalaren webgunean, Gazte Informazio Bulegoan, ludotekan eta eragile desberdinen artean banatu dute, eta herritarrek hilaren 14ra bitartean izango dute ekarpenak egiteko aukera. Horrez gain, hilaren 18an baserriko produktuen azoka eta txahal eta sagardo dastaketa izango da, eta egun hori ere baliatuko dute proposamenak jasotzeko. Ekarpen guztiak jasota, horiek laburtu eta zerrenda bat osatuko dute. Horiekin bilera egingo dute maiatzaren 20an, 19:00etan, Elkargunean. Udalak bertara eramango du ekintzen zerrenda eta bakoitzaren balorazio ekonomikoa, eta bertaratzen diren herritarrek horren arabera aukeratuko dituzte aurrera eraman nahi dituzten ekintzak. Udalak 86.000 euroko aurrekontua du aurtengo Andramariak prestatzeko. Aukeraketa hori udaleko gobernu batzordeak eta kultura eta festa batzordeak aztertu eta egitarauaren zirriborroa egingo dute maiatzaren amaierarako. Ekainaren hasieran, berriz, azken bilera zabala egingo dute, eta bertan plazaratuko dute egitarauaren zirriborroa. Udalak herritarrak animatu ditu proposamenak helarazi ditzaten, baina horrez gain, ekintza horiek antolatzen laguntzeko inplikatu daitezela ere eskatu dute. Izan daitezkeen aldaketen aurrean, festen ondoren balorazio bilera egingo dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide