Lanak, San Martinen
(Ane Olaizola)
San Martingo espaloia berritzeko lanak egiten ari da Azkoitiko Udala, herritarren irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Ertzain-etxe ingurutik hasi eta 100 metroko bidea ari dira konpontzen azken asteetan, orain artekoa estuegia zelako. Hala, espaloia zabaldu egingo dute, eta argiteria berrituko dute, orain arte argi gutxi zegoelako han. Horrez gain, hiri altzari eta seinalizazio berriak jarriko dituzte.
Duela aste batzuk hasi zituzten espaloia konpontzeko lanak, eta hiru hilabetetan amaituko dituztela aurreikusi dute. Oraingoz, lurra mugitzen eta zimentatzen aritu dira langileak, eta udalak adierazi duenez, "martxa onean" doaz obrak. Proiektu osoak 120.000 euroko aurrekontua du.