Azkoitiko alkate berria da Urrategi Alberdi

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko mar. 31a, 12:49

Alberdi, erdian, alkate kargua hartu berritan
(Ane Olaizola) Urrategi Alberdi Azkoitiko alkatea da dagoeneko; joan zen ostegunean hartu zuen kargua orain arte ogasun eta aniztasun zinegotzia izan denak, udalbatzak egin zuen osoko bilkuran. Ohiko prozedura jarraituz hartu zuen kargua Alberdik; Bildu koalizioak soilik aurkeztu zuen bere hautagaia, eta haren aldeko botokien onartu zuten Alberdi alkate izatea. PSE-EEko Miguel Reimundez ez zen izan plenoan, eta EAJ eta Azkoitia Bai abstenitu egin ziren. Alkate berriak «legeak horrela behartzen nauelako» formula erabili zuen kargu hartzean, eta pleno aretora bertaratu ziren dozena bat lagunek— tartean Pello Bastarrika alkate ohia— txaloz hartu zuten alkatea. Bastarrikak osasun arazoen eraginez utzi zion alkate izateari duela bi aste; beraz, Alberdik amaituko du agintaldia. Hain zuzen, Bastarrikak egindako lana izan zuen gogoan Alberdik, kargua hartu berritan: «Pellok osasunagatik utzitako hutsunea ahal den ondoen betetzen saiatuko naiz eta gara. Ez da erraza izango, muga oso goian utzi digu eta». Alkate gisa herria ordezkatzea «ohore handia» dela adierazi zuen, gainera. «Agintaldiaren azken urtean sartzen ari gara, eta ni ez nago sartu nintzenean bezala, asko ikasi baitut urte hauetan». "Kudeaketa gardena eta parte hartzailean" oinarritzen jarraituko dute. Hain zuzen, euren agintaldia sistema parte hartzailean funtsatu nahi dute, Danon herrixe prozesuaren bidez herritarrei hitza emanez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide