Xabin Juaristi 'Torre', erdian, espetxetik irten berritan, senideekin
(Hitza)
Xabin Juaristi Torre preso azkoitiarra libre da dagoeneko; 14:45ean utzi du Mansillako espetxea, eta etxera bidean da senideekin batera.
Espero baino lehenago geratu da libre, hasiera batean igandean baitziren askatzekoak. Haren abokatuak azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak Tenerifeko preso bati zigorra murriztu dio, aske egon den bitartean epaitegira joan behar izan duelako sinatzera. Kautelazko neurria izanik, askatasun osokoa ez dela ebatzi du auzitegiak, beraz, sinatzera joandako 10 eguneko, egun batean murriztu diote zigorra. Sententzia horretatik abiatuta, Torreren abokatuek eskaera berdina igorri dute, eta epaileak onartu egin du. Hala, aurreikusitakoa baino lau egun lehenago askatuko dute azkoitiarra: "Epaia aplikatuz, lehenago geratu behar zuen aske, baina sententzia oso berria da, eta orain iritsi da erabakia", esan du abokatuak. Senideek bat-batean hartu dute berria.
Azken bost urte eta erdiak Mansillako (Leon, Espainia) kartzelan igaro ditu azkoitiarrak Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea «talde terroristako kide» izatea egotzita. Aurretik, beste bi urte eta erdiz egon zen preso, epaiketa izan bitartean, orduan Madrilgo Aranjuezeko espetxean. Guztira zortzi urteko kartzela zigorra bete du, beraz. Kartzela zigor osoa beteta geratu da gaur aske, baina zigor administratiboa mantenduko diote, eta ondorengo urteetan ezin izango du administrazio publikorako lanik egin. Senideek Urola Kostako Hitzari adierazi diotenez, «oso ondo eta zoriontsu» dago azkoitiarra.