Ainhoa Murua, artxiboko irudi batean
(Fetri)
Azkoitiko kirol taldeek indarrak batu dituzte, eta mahai inguru bat antolatu dute elkarlanean. Kirola emakumeen ikuspegitik plazaratzea nahi izan dute Azkoitiko Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkarteak, Azkoitiko Triatloi Taldeak, Raka Maraton Atletismo Taldeak, Anaitasuna Mendi Bazkunak eta Xeye Azkoitiko eta Azpeitiko Atletismo Elkarteak, eta horretarako goi mailako bi kirolari gonbidatuko dituzte; Ainhoa Murua triatleta zarauztarra eta Leire Olaberria txirrindularia.
Ostiralean izango da mahai ingurua, eta antolatzaileek adierazi dutenez, saioaren bidez orain arteko hutsune bat bete nahi izan dute: «Emakumeen eta kirolaren arteko ikuspegia gutxi lantzen da oro har. Gainera, antolatu dugun ekitaldi bat emakumeek eskainiko dute lehenengo aldiz». Horrez gain, Murua eta Olaberria gonbidatzeko egungo kirol panorama hartu dute kontuan. Antolatzaileen ustez, izan ere, «egun Euskal Herrian dauden goi mailako kirolari emakumezko onenak dira».
Bi kirolari profesionalek euren ibilbidea eta urte horietan guztietan izandako bizipenak kontatuko dituzte mahai inguruan, Agustin Gartziaren gidaritzapean. «Murua eta Olaberria goi mailako kirolariak dira, eta kirolaren mundua nola bizi duten azalduko dute». Biak hala biak lehiatu dira Olinpiar Jokoetan, eta nazioarteko proba garrantzitsuak jokatu dituzte. Olaberriak, esaterako, pistako munduko txapelketa irabazi zuen iaz. Ostiralean, 19:00etan izango da mahai ingurua, Azkoitiko Elkargunean. Norbaitek galderaren bat egin nahiko balie, gainera, aurrez antolatzaileekin harremanetan jartzeko aukera dago; taldeek Facebook sare sozialean duten kontuan idatzi ditzakete galderak, eta Agustin Gartzia moderatzeaileari helaraziko dizkiete.
Mahai inguruaren bidez, gainera, emakumeak euren taldeetara, eta beraz, kirola egitera, animatu nahi dituzte: «Talde guztietan gizonezkoak gara gehienak, eta emakumeei deia luzatu nahi diegu batu daitezen».
Elkarlanerako asmoa
Azkoitiko bost kirol elkarteek elkarlanean azken urteetan antolatu duten lehen ekitaldia izango da etziko mahai ingurua, eta aurreratu dutenez, etorkizunean ere modu horretan aritzeko asmoa dute.
Beharrak hala bultzatuta elkartu dira bost kirol taldeak: «Antolatzen ditugun ekitaldietan jendea behar izaten dugu, eta horregatik pentsatu dugu elkarlana hastea, ezinbestekotzat jotzen dugulako». Elkarlanarekin, gainera, ideia berriak landu nahi dituzte.