Pello Bastarrikak alkate kargua utzi du, eta Urrategi Alberdi izango da Azkoitiko alkate berria

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko mar. 20a, 23:02

Txaloz agurtu dute Bastarrika
(Ane Olaizola) Azkoitiko Udalbatzak plenoa egin du gaur arratsaldean, eta Pello Bastarrikak alkate kargua utzi du. Osasun arazoek bultzatu diote kargua uztera, eta eskerrak emanez eta emozioz agurtu da hiru urtez alkate izan dena. Pleno aretoan herritar ugari bildu dira, eta txaloz agurtu dute alkate ohia. Urrategi Alberdi izango da hurrengo alkatea, eta hurrengo ostegunean, hilaren 27an, hartuko du kargua. Azken bilkura "herriaren alde" lanean ari diren batzarkide eta udaletxeko langile guztiei eskerrak eman dizkie, baita berarengan eta taldearengan fidatu diren herritarrak ere. "Euskal Herriaren normalizaziorako azkoitiarron aletxoa jartzea posible izan dugu zuei esker". Zorte ona opa die hurrengo alkate eta gainontzeko zinegotziei.  "Udal Gobernuak emandako laguntza eskertzen dut, arazoz betetako motxilaz kargatuta, egin duzuen lan aparta delako". Udaletxeko langileak "profesionala eta arduratsua" dela azpimarratu du. Kargua modu horretan uztea aurreikusten ez bazuen ere, duen osasun egoerak erabaki hori hartzera "behartu" duela berretsi du. Horretarako arrazoien inguruan hainbat hedabidek zabaldu duten informazioa gezurtatu du beste behin, eta politikoki "interesatuak" direla eta "azpi jokoan" ibiltzea leporatu die. "Asko kostatutako" erabakia eta "pena handiz" hartutakoa dela adierazi du, "baina ez dut beste aukerarik izan". "Zintzotasunez eta arduraz egindako lanak lastaitasuna" dakarrela eta, lasaitasun hori berarekin daramala esan du. "Ez zaizkigu urte onak suertatu. Bizitzen ari garen egoera ekonomikoaz gain, aurreko legealdian hitzartutako operazioen ondorioz, Azkoitia Lantzen izugarrizko galerekin eta egoera delikatuan topatu dugu". Egoera horri buelta ematen ari direla adierazi du, eta sozietate publikoa duela hiru urte baino "onbideratuago" dagoelako. "Egindako lanari esker" iazko urtea saldo positiboarekin amaitu zutela gogoratu du. Udalean ere "izugarrizko zorrei" aurre egin behar izan dietela ere adierazi du. "Udalean sartu ginenean politika egiteko modu desberdina agindu genuen, eta horretan ari gara. Orduan esan genuen bezala, eraikuntza, adreilu eta handikerietan oinarritu beharrean, herritarren beharren araberako politika egiten ari gara; parte hartzean oinarritutako politika egin dugu, eta hala segituko dugu". Azkoitiak zinegotzi guztien beharra duelakoan da Bastarrika, eta "oposizio eraikitzailearen" alde egin du . Esther Lizarraldek, Bilduren izenean, Bastarrikak egindako lana goraipatu du; "tinko egin diozu konpromisoiei, eta erronkari eutsi diozu. Benetan uste dugu lan zintzo eta arduratsua egin duzula, eta udaleko ateak zabaltzeko benetako ahalegina egin duzula". Eskerrak eman dizio, "gardentasunez eta gertutasunez" aritzeagatik. "Bide honetan jarraituko dugu". EAJk, bere aldetik, animoak eman dizkio gaixotasunari aurre egiteko. "Bizian zorte ona izatea opa dizugu".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide