Xabier Munibe ikastolako eraikin berriko lanak «esleitzear» daude

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko mar. 20a, 16:47

Xabier Munibe ikastola
(Xabier Otamendi) Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako eraikin berriaren proiektua aurrera doa, eta hango Gurasoen Batzorde Bateratuak egoeraren berri eman du. Jakinarazi dutenez, eraikin berria egiteko lanak esleitzear daude. «Datozen asteotan erabakiko da esleipena». Esleitu ondoren enpresaren batek helegitea jartzen badu, prozesua zortzi edo bederatzi hilabete atzeratu daiteke, haien arabera. Halakorik gertatzen ez bada, ordea, lanak uda inguruan hasiko direla aurreikusten dute. 27 enpresa aurkeztu ziren lehiaketara, eta Vias y Construcciones enpresak lortu ditu puntu gehien. Juin poligonoan egingo dute eraikin berria, eta horko lurzoruaren ur-hodien desbideratze lanak ere «bideratuta» daudela esan dute: «Lan horien kudeaketa Azkoitia Lantzenek, Azkoitiko Udalak eta Juin berri enpresak osatzen duten batzordeari dagokio». Horien arabera, udalak lanen txosten teknikoa eginda, Eusko Jaurlaritzari helarazi dio, eta honek proiektuaren baldintzetan txertatu ditu. Era berean, orube ingurua lanak hasi aurretik txukunduko ditu udalak. Nahi baino makalago Azken hilabeteetan hainbat erakundeekin izan da Xabier Munibeko Gurasoen Batzorde Bateratua, baina Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak «apenas» erantzun diela salatu dute: «Informazio gurekin partekatuko zutela agindu arren, nahiago izan dute beste bide batzuk erabili berriak zabaltzeko». Proiektua aurrera doala berretsi dute, eurek nahi baino «polikiago» badoa ere. «Eraikin berriaren proiektua helmugara bidean da. Oraindik luze joko du lanak hasi eta bukatzerako, baina gurasoen borroka luze bati esker, 2016-2017 ikasturterako gure seme-alabak DBHko ikasketak leku duin batean egiteko aukera izango dute». Eusko Jaurlaritzak joan zen urteko urrian baimendu zuen Xabier Munibe ikastolako eraikin berria egitea, eta 7,6 milioi euro bideratu zituen horretara. Ikastetxeak orduan jakiarazi zuenez, lanak esleitutakoan 18 hilabete izango dituzte egiteko. Eraikin berriak egun duten arazoari erantzungo dio; azken urteetan ikasle kopurua nabarmen igo da ikastetxean, eta txiki geratu da egungo eraikina. Horren aurrean, DBHko ikasle askok Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIko eraikinean ikasten dute egun; sakabanatuta dituzte hango ikasleak, eta aurtengo ikasturtea hiru lekutan banatuta ari dira igarotzen. Lehenengo mailakoak Xabier Munibeko eraikinean egongo dira, eta gainontzekoek Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIko metaleko eta egurreko ikasketak eskaintzen dituzten eraikinen sotoetan egingo dituzte ikasketak. Ikasle, irakasle eta gurasoek behin baino gehiagotan salatu dute «ezinezkoa» dela hala jarraitzea, eta eraikin berria «beharrezkoa» dutela berretsi dute, egungo leku faltak eragiten dizkien arazoengati.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide