Zaldi probak egingo dituzte beste urte batez
(Onintza Lete Arrieta)
Azkoitiko Baztarrikalde auzoan festak ospatuko dituzte asteburuan. Inauterien eraginez astebete atzeratu badituzte ere, ohiko giro herrikoia nagusituko da gaurtik igandera bitartean. Urteroko egitarauaren antzekoa izango dute auzotarrek, berrikuntza batzuekin; aurrenekoz musika bandaren kontzertu bat eta plater tiraketa izango dira festetan.
Era berean, pilota partidak izango dira gaur; Mondragon Unibertsitateko ikasle batzuek antolatu badituzte ere, festen barruan kokatu dituzte saioak, eta Mikel Goñi pilotaria lehiatuko da Azkoitiko eta Azpeitiko gazteekin, 19:00etan, Gurean. Kadete azkoitiarrak ariko dira aurrena, eta partida nagusian izango da Goñi, Joseba Zendoia azkoitiarra lagun duela. Mikel Etxaniz eta Josu Uzkudun Azpeitiko Ilunpe pilota elkartekoen aurka jokatuko dute horiek saioa. Sarrerak 8 eurotan eros daitezke aurrez, Azkoitiko Olaberri, Latz eta Ttakun tabernetan eta Azpeitiko Etxe Zuri eta Oñatzen. Leihatilan 10 eurotan salduko dituzte.
Asto probarik ez da izango aurtengo festetan, antolatzaileek lehiakideak aurkitzeko izaten dituzten zailtasunak medio. Dena den, Joxe Astarbe Saria Zaldi Proba jokatuko dute bosgarrenez; «inoiz ibili gabeko zaldiak izaten dira txapelketa honetan, nolakoak diren ikusteko eta aukera bat emateko», diote antolatzaileek.
Ume jolasekin, herri kirolekin, mus txapelketarekin eta trikitilariekin osatuko dituzte festak.