Hondakinen sistema mistoa ezartzea adostu dute Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko ots. 21a, 11:42

Edukiontzi grisak kenduko dituzte Azkoitian
(Nerea Uranga) Azkoitiko hondakinen lan taldeak herenegun egin zuen hirugarren bilera, eta Azkoitian hondakinak kudeatzeko sistema misto bat ezartzea erabaki dute, udaleko EAJk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik jakinarazi dutenez. Udal gobernuak, momentuz, ez du adierazpenik egin. Horien arabera, edukiontzi grisak kendu egingo dituzte, eta errefusa atez atekoaren bidez jasoko dute. Gainontzeko hondakinak, berriz, egungo edukiontzien bidez jasoko dituzte. Dena den, hori nola egingo duten zehazteke dagoela adierazi du EAJk. Azken egunetako filtrazioen harira, EAJk eta PSE-EEk esan dute erabakia dagoeneko hartuta dagoela. Azkoitia Baik, bere aldetik, egunkari honi esan dio azken bileran hala "ulertu" zuela. EAJk ez du oraingoz erabakiaren gaineko baloraziorik egin: "Udal Gobernuaren balorazioaren zain egongo gara; gaia nahiko kakaztuta dago, eta haien irakurketa jakin arte ez dugu nahi su gehiago pizterik", esan dute. Azkoitiko PSE-EEk egin du erabakiaren gaineko balorazioa, eta atez atekoa "beti alboratu" izan dutela azpimarratu du. "Xelebretzat" jo du sistema mistoa, eta herritarrak nahastu besterik ez dituela egingo uste du. Horrez gain, kostuetan bikoiztasunak sortuko direla esan du. PSE-EEren iritziz, "aurrez erabakitako sistema herritarren artean errazago digeritzeko tresna izan da hondakinen mahaia".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide