Hamaikagarren ikasturtea izango da aurtengoa
(Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan eta Floreaga ikastetxean abiatu dute jada Eskolako Agenda 21, eta aurten aztarna ekologikoa landuko dute ikasleek. Energiaren, mugikortasunaren edota kontsumoaren inguruan hausnartuko dute aurtengo ikasturtean, eta dagoeneko hasi dute lanketa.
Eskola eta herria jasangarria izateko ahaleginean, ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura desberdinak bereganatzea da egitasmoaren helburua. Lehen Hezkuntzakoek garraioa, ura eta energiaren kontsumoaren inguruan lan egingo dute, eta Bigarren Hezkuntzan Azkoitiko aztarna hidrikoa eta energetikoa aztertuko dute.
Azkoitiko Udalak abiatuta, eta Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak enpresaren laguntzarekin, hiru ardatz lantzen ditu Eskolako Agenda 21ek; kurrikuluma, kudeaketa eta parte hartzea. Dagoeneko ikasturteko bigarren hiruhilekoan daude ikastetxeak, eta ekintza planak lantzen hasi dira bertan. Hainbat ekintza egingo dituzte herrian, eta helburuak betetzeko konpromisoak hartuko dituzte ikasleek. Era berean, ikasturtea amaitzean gaiari lotutako proposamenak helaraziko dizkiote udalari.
Aurten 11. urtez eramango dute aurrera Eskolako Agenda 21. Aurreko ikasturteetan, jasangarritasunarekin lotutako gai ugari jorratu izan dituzte; besteak beste, energia, hondakinak, kontsumoa, ura, bioaniztasuna, elikadura, mugikortasuna, airearen kutsadura eta hondakinen prebentzioak landu dituzte.