Loinaz, eskubitik bigarrena, Durangoko sari banaketan.
(Azkoitri Gsport)
Denboraldi bikaina egin zuen aurreko urtean Iñaki Loinaz (Azkoitia, 1991) triatleta gazteak, eta horren erakusgarri izan da jaso duen saria; 2013. urteko Euskal Herriko Triatloi Zirkuituko sariak banatu dituzte Durangoko Plateruenea Kafe Antzokian, eta azkoitiarrak maila absolutuko hirugarren postuari eta 23 urtez azpiko mailan bigarren postuari dagozkien sariak jaso ditu.
Denboraldiko erregulartasuna aitortu ohi dute sari horietan; Euskal Herriko Triatloi Zirkuituan jokatzen diren hamar probetatik gutxienez distantzia motzeko bostetan hartu behar da parte; era berean, Nafarroako lasterketa batean behintzat lehiatu behar da sailkatzeko. Distantzia motzean egindako lasterketa bakoitzean lortzen duten postuen arabera puntuazio bat jasotzen dute kirolariek, eta denboraldian zehar lortutako puntuazio onenak batuta osatzen dute sailkapena. Ez da lehenengo aldia liga horretan lehenengo postuak lortzen dituena, baina triatloian hasi zenetik jaso dituen emaitzarik onenak izan dira honakoak.
Euskal Herriko Triatloi Federazioa hasiera batean irailean zen behin betiko sailkapenaren berri ematekoa, baina kirolariek ezin izan dute otsailera arte jakin ligako zein postutan amaitu zuten iazko denboraldia. Dena den, proba bakoitzaren ondoren jakin ohi dute lortutako puntuazioa; hala, azkoitiarrak «lehenengo postuetan» egotea pentsatzen bazuen ere, «halako emaitza onak» izaterik ez zuela espero aitortu du: «Ez nuen uste maila absolutuan hirugarren egingo nuenik».
Gustura da lortutako emaitzekin, aurrez ezarritako helburuak bete baititu; «azken helburua beti da lehenengo postua lortzea, baina nire kasuan, 23 urtez azpikoan bigarren edo hirugarren postuak lortzeko ari nintzen lanean; azkenean bigarren postua lortu dut. Ezin dut gehiago eskatu». «Lan askoren emaitza» izan da lortu duena, «gogor» entrenatu baitzuen horretarako. «Denbora libre dezente izan nuen, bai entrenatzeko, bai indarberritzeko; aurten, berriz, sentitzen dut osatzeko adina denborarik ez dudala».
Uste baino denboraldi hobea
Kirolari orok jarri ohi dio bere buruari erronka zehatz bat, eta Loinazena zen iazko denboraldiko lasterketetan «lehenengo hogei postuetan sailkatzea». Aurreikuspenak gainditu, eta parte hartutako proba gutzietan lehenengo hamar lagunen artean sailkatu zen iaz. Beraz, uste baino denboraldi hobe egin zuela azpimarratu du gazteak.
Maiatzean hasiko dute 2014ko triatloi denboraldia; aurten, gainera, Nafarroako Saltoki Trikideak taldeko elastikoarekin lehiatuko da gaztea, azken urteetan Azkoitiko Triatloi Taldeko kidea izan ondoren. Hala, kanpoko txapelketetan parte hartzeko aukera izango du aurten. «Orain arte ez nintzen joaten kanpora, baina aurten Espainiako txapelketan eta beste hainbatetan izango naiz». Euskal Herriko Zirkuituan «ahalik eta emaitzarik onena» lortzea da datorren denboraldirako jarri duen helburuetako bat: «Aurtengoa mantentzen badut nahikoa izango dut. Gainera, Espainiako txapelketetan lehiatzea helburuak betetzea izango da niretzat; hango lasterketa ikustea eta handik ikastea nahikoa izango da niretzat».
Banaka ez ezik, garrantzitsua izaten da taldeka ere puntuazio ona lortzea, eta talde berriarekin, bide berriak ireki eta maila altuago batera egingo du salto azkoitiarrak. Adierazi duenez, talde gisa ere zehaztu dituzte helburuak jada. «Euskal Herriko Zirkuitua taldeka irabaztea eta kanpoko txapelketetan ahalik eta irudi onena ematea da taldearen asmoa», zehaztu du Loinazek.