Joan zen asteburuan Azkoitiko Urrategi auzorako GI-3173 errepide zati bat hondoratu ondoren, hango lurrak egonkortzeko lanean ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Errepidearen gaineko eskumena aldundiak du, eta, beraz, berak eramango ditu lanak aurrera. Oraingoz, errepideak auzotarrentzako irekita jarraitzen du.
Aldundiko teknikariak lekuan bertan egin dira aste honetan, eta aurreratu dutenez, geologoek «urgentziazko proiektua» hasi dute orain. Proiektutik ateratako ondorioekin zehaztuko dute zein lan egin beharko dituzten errepidea konpondu eta egonkortzeko. «Behin proiektua eginda, bidea konpontzeko lanak ere urgentzia moduan esleituko dituzte», adierazi du aldundiak. Hori egindakoan, lanak «berehala» egingo dituztela azpimarratu dute. Dena den, ez dute zehaztu noiz hasiko diren horretan.
Joan zen igande goizaldean, luizi baten ondorioz joan zen behera errepidearen 150 metroko zati bat. Urrategi auzoan 20 baserri inguru daude, eta hango biztanleek «kezkaz» hartu zuten gertakaria. Auzotarrek, arazorik izanez gero, 943-85 71 71 telefonora deitu dezakete.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide