Kontzertu pedadogikoa prestatu dute musika eskolak eta bandak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko urt. 21a, 15:42

Musika eskolako orkestra, saio batean
(Bizkargi Musika Eskola) Azkoitiko Udal Musika Bandak eta Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak emanaldi berezia prestatu dute iganderako; kontzertu pedagogikoa eskainiko dute bandak eta musika eskolako orkestrak, ikasleei «musikaren mundu zoragarria» ezagutarazteko asmoz. Horretarako, Peru eta Otsoa ipuin musikala eskainiko dute, 12:30ean, Elkarguneko areto nagusian. Elkarlanean prestatu dute saioa, eta musika eskolak «interesgarritzat» jo ditu ikasleei zuzendutako gisa honetako ekintzak, horiek dagoeneko ezagutzen baitituzte musika tresna desberdinen soinuak. «Beraz, musika tresnei dagokienez, etorkizunean aukera egokiagoa lortzeko baliagarria izan daiteke ekimen hau». Kontzertua, batez ere bizpahiru eta hamar urte bitarteko umeei zuzenduta dago, baina adin guztientzako «erakargarria» izan daitekeelakoan dira. Emanaldi elkarreragilea izango dela aurreratu dute antolatzaileek; izan ere, gazte talde batek dinamizatuko du saioa, eta euren lana izango da ume eta gaztetxoen parte hartzea lortzea. Gainera, ikus-entzunezko proiekzioarekin uztartuko dute saioa. Biolin doinuak, ostiralean Horrez gain, Bizkargi Musika eta Dantza eskolako ikasleek beste emanaldi bat izango dute ostiralean. Bigarren hiruhileko lehenengo emanaldia eskainiko dute, biolin-jotzaileen txanda izango da; musika estilo desberdinak taularatuko dituzte, baina batez ere pieza klasikoak entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bakarka eta talde txikietan arituko dira, horietako batzuk pianoaren laguntzarekin. 18:30ean izango da kontzertua, Elkarguneko areto txikian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide