Intxaurrondoak landatzen, eguerdian
(Ane Olaizola)
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea duela 250 urte sortu zuten Azkoitian, eta urteurren borobila ospatzeko ekitaldi sorta egingo dute datorren ekainetik aurrera. Urtemugaren harira, ordea, gaur lehenengo ekimena egin dute Azkoitiko Intsausti jauregian.
Intsaustik intxaurrondoak dauden lekua esan nahi du, eta jatorriari eta hango aspaldiko ohiturei erreferentzia eginez bi intxaurrondo landatu dituzte jauregiaren ondoko zelaietan. Kanpai hotsek iragarri dute eguerdian egin duten ekitaldi sinbolikoa, eta hainbat herritarrez gain, bertan izan dira Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide eta kultur arloko hainbat lagun; hala nola, Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronista ofiziala eta elkarteko Gipuzkoako presidentea, Pello Bastarrika Azkoitiko alkatea, Fernando Salazar elkarteko presidente orokorra, Esteban Elizondo organo-jotzailea, Xabier Lizaso piano-jotzailea edota Juan Ignacio de Uria Azkoitiko alkate ohi, idazle eta abokatua edota ikusi ahal izan dira bertan.
Basoak fundazioaren bidez eta txistu doinu artean landatu dituzte zuhaitzak, eta horiekin batera duela 50 urte lekuan bertan aterako argazki bat lurperatu dute. Orduan landatu zuten azkenekoz intxaurrondoa Intsaustin, eta Trino de Uria elkartearen sustzatzaileetako bat, Alvaro Valle de Lersundi elkarteko orduko lehendakaria, eta Ignacio de Olague eta Ricardo Izagirre historialariak agertzen dira bertan. Pello Esnal idazleak Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari prestatu dion bakearen aldeko poema sorta ere lurperatu dute.