EPPKko bitartekarien aurkako operazioa salatu dute Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko urt. 10a, 11:13

Elkarretaratzea egin zuten plazan, atzo
(Ane Olaizola) EPPKko bitartekarien aurkako polizia operazioa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Azkoitian. Plazan elkartu ziren dozenaka lagun, Konponbideari erasorik ez! lemapean. Amaitzean, Lokarrik, Etxeratek, Eskubideak,  Gazte Abertzaleak, Sortuk, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta ELA, LAB, ESK, STEE, EHNE, HIRU, CNT ETA CGT sindikatuek prestatutako komunikatua irakurri zuten. Atxilotuak "berehala" aska ditzatela exijitu zuten bertaratutakoek, eta haien senide eta lagunei elkartasuna adierazi zieten. Era berean, herritarrei dei egin zieten datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartu dezaten. Bake prozesuan "ekarpen positiborik" egin nahi ez izatea egotzi zioten Espainiako Gobernuari: "aitzitik, prozesuak aurrera egin dezan galaraztea beste helbururik ez dauka; era berean gertatu zen, adibidez, Bateragune deituriko auziarekin 2009ko urrian –Rubalcaba barne ministroa zelarik– edo, duela gutxi, Herrira mugimendu sozialaren aurkako operazioarekin". Atxiloketekin Euskal Herrian "etsipena zabaltzea" eta "presoei ematen zaien laguntza" kriminalizatzea lortu nahi dutela salatu zuten. Komunikatua sinatu duten eragile, sindikatu eta alderdiek operazioa "ahulezia politiko gordinaren" adierazle dela deritzote, eta presoen eskubideak defendatzeko "konpromisoa" berretsi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide