Iraurgiko jokalariak, Euskadiko selekzioarekin
(Azpeitia-Azkoitia SB)
Espainiako Kadete Txapelketa amaitu berri da Caceresen (Espainia), eta Euskadiko nesken eta mutilen selekzioak txapeldunorde geratu dira, «sekulako txapelketa» jokatu ostean. Jokalarien artean, Azpeitia-Azkoitia SBko gazteak lehiatu dira, eta elkarteak jakinarazi duenez, bi taldeetako «protagonistak» izan dira horiek. Nesketan, Oihane Aizpuruak, Maitane Domingezek eta Eneritz Larrañagak jokatu dute txapelketan, eta mutiletan Aitor Astigarragak, Ander Merketegik eta Jon Zabartek. Nesken eta mutilen taldeak bide antzekoa egin dute txapelketan zehar.
Azpeitia-Azkoitia SBk Larrañaga zoriondu du, besteak beste Andaluziaren aurka «egundoko partida» egin zuelako. Era berean, Valentzia eta Gaztela eta Leonen aurka jokatutako partidetan Astigarraga nagusitu zela adierazi dute. Nesken taldeak Kanaria Uharteen aurka galdu zuen finala, eta mutilek ezin izan zioten Madrilgo selekzioari aurre egin.