Matadeixe Zinetogram taldeak urteko lehen zine zikloa abiatuko du gaur.
Biziraupen gida zinematografikoa izeneko zikloan, biziraupena ardatz duten lau film ikusi ahal izango dira. Gaurtik hilaren 29ra bitarteko asteazkenetan, 21:30etik aurrera, Matadeixen.
Sean Pennen maisulana, gaur
Zikloari hasiera emateko,
Into the wild filma emango dute gaur. Sean Pennek zuzendutako filma, John Krakaueren best-sellerraren egokitzapena da. 90. hamarkadan Christopher McCandless gazte idealistak idatzitako egunerokoan oinarrituta dago istorioa. Bertan, McCandlessek Alexander Supertramp izena hartu, jabetzak eta aurrezkiak ongintzan utzi eta mundu zibilizatutik ihes egiten du Alaskaruntz, bizitzaren benetako zentzua topatzeko asmoz. Naturaz soilik inguraturik, egoera ederrenetan bezain gordinenetan aurkituko da protagonista.
http://youtu.be/2LAuzT_x8Ek
Emile Hirsch aktorearen lan paregabeak, Eddie Vederren soinu banda ederrak eta argazki eta irudi bikainek biribiltzen dute Sean Pennen maisulan hau.
Beste hiru filmak
Datorren asteazkenean, hilak 15, Nicolas Roegen
Walkabout filma eskainiko dute, Australiako desertuan bizirauten saiatuko diren bi anaien istorioa; urtarrilaren 22an, Hey-Jun Lee zuzendari hego-korearraren
Castaway on the moon emango dute, bere buruaz beste egiten saiatzen den gizon baten eta zibermenpekotasuna duen neska baten arteko amodio istorioa. Hilaren 29an, zikloari amaiera emango diote Sidney Pollacken
Jeremiah Johnson filmarekin; gerratik ihesi, animaliak ehizatu eta haien larruak saltzen bizimodua aurrera atera beharko duen soldaduaren istorioa kontatzen du, Robert Redford aktore protagonistarekin.