Ekitaldi xumea baina hunkigarria egin zieten atzo eguerdian
Ramon Oñederra 'Kattu' zenari eta haren familiari. Dozenaka lagun elkartu ziren Azkoitiko Kontzejupean, azkoitiarraren hilketaren 30. urteurrenean hura omentzeko asmoz. Musikak, dantzak eta haren omenezko hitzek hartu zuten frontoia.
Katturen senideei aitorpen publikoa egin nahi izan zieten atzokoan, eta "justizia eta memoria" eskatu zuten beste behin. Hiru hamarkada pasata ere, Katturen memoriak bizirik jarraitzen duela azpimarratu zuten han bildutakoek, eta senideei elkartasuna adierazteko lore banaketa egin zuten. Ekitaldian izan zen, besteak beste, Joxean Agirre Sortuko Gipuzkoako koordinatzailea. Gerra zikinean izandako erantzukizunak onartzeko eskatu zuen koordinatzaileak, eta "geure historia propioa" kontatzeko beharra azpimarratu zuen.