Zinetogrameko kideak, atzo, liburua aurkezten
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Matadeixe Zinetogram taldeak aurkeztu du Begia amodioaren ehiztari liburua, 2009ko Matadeixen zineaz jardunean jardunaldiak ardatz izanda. Zinemari buruzko hitzaldi zikloak egin zituzten duela lau urte Matadeixen; Harkaitz Cano idazleak, Andres Gostin irakasleak eta kazetariak, Iosune Muñoz literaturan adituak, Aitor Arregi zinemagileak eta irakasleak, eta Joseba Macias kazetari zenak hartu zuten parte jardunaldietan, eta hitzaldi horiek bildu dituzte liburuan, han aipatutako filmen irudiekin uztartuta.
Atzo iluntzean aurkeztu zuten liburuan, Matadeixen bertan. "Maitasun osoarekin" egindako lana izan dela adierazi zuten kideek; "ez gara profesionalak, eta lan asko egin dugu. Txukunketak lan handia eragin digu". Taldearen lehenengo lana izan da kaleratu dutena, eta euren ibilbidean "mugarria" izan dela azpimarratu zuten. 12,5 eurotan salduko dute liburua, eta hurrengo astean hasiko dira inguruko liburudendetara banatzen.
Liburua aurkeztearekin batera, Krzysztof Kieslowski zinemagilearen inguruko mahai-ingurua egin zuten, Iñaki Lazkanok gidatuta. Zinemagilearen inguruko doktore tesia egin du Lazkanok. "Bigarren jardunaldiak hasiko ditugu ekitaldi honekin", adierazi zuten.
Matadeixe Zinetogram taldeak asteazkenero eta igandero Matadeixen proiektatzen ditu filmak, eta hainbat ostiraletan Baztartxon prestatzen dituzte emanaldiak. Hamaika ziklo egin dituzte taldea sortu zenetik, eta horien guztien berri emateko postalak kaleratu ohi dituzte herrian. Filmen, zikloen eta gainerako informazio osoa Zinetrogramen zinetogram.wordpress.com helbidean aurkitu daiteke.
Taldeak eskerrak eman dizkio udalari, liburua kaleratzen laguntzeagatik.