Gazteak eta Garapena taldea herriko saltokietan izan da janaria biltzen
(Gazteak eta Garapena)
Gazteak eta Garapena Gobernuz Kanpoko Erakundeak janari eta bizikleta bilketa hasi du Gabonen bueltan egiten duten kanpainaren barruan. Jasotako material guztia Beninera bideratuko dute, hango kaleetan bizi diren umeei lagundu diezaioten.
Beningo umeentzat janariak. Afrikako gaztetxoek zure beharra dute. Lagun iezaiezu, galtzen ez diren janariak bidaliz! izenpean abiatu dute aurtengo kanpaina. Elikagaiez betetako kontainerrak bidaliko dituzte Afrikako herrialde horretara, eta herritarrek dagoeneko eraman ditzakete jakiak; besteak beste, arroza, dilistak, babarrunak eta pasta utzi dezakete Floreaga ikastetxean.
Janariaz gain, bizikletak ere jasoko dituzte. Adierazi dutenez, «egoera onean» daudenak soilik bilduko dituzte, eta horretarako ikastetxera azaldu edo 605-72 88 81 telefonora deitu daiteke. Era berean, herriko hainbat saltokietako sarreretan egon dira azken egunetan, eta ostiralean eta larunbatean berriro egongo dira, herritarrei informazioa ematen eta laguntza eskatzen.
Antolatzaileen arabera, «gose handia» bizi dute Beninen. «Familia askok bi egunean behin egiten du jatordua, eta ume asko hiltzeko arriskuan daude. Janari gutxi dago, eta oso garesti. Generoa faltatzen hasi da, baita erosteko dirua dutenentzat ere». Hala, ekimenean laguntzeko dei egin die herritarrei.