Hego Euskal Herriko eliteko pilotari gazteak lehiatuko dira Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko abe. 6a, 08:00

Hego Euskal Herriko pilotari gazte onenek Azkoitiko Gurea pilotalekua hartuko dute datozen asteetan. Euskal Herriko Pilota Federazioak, Azkoitiko Oteiza Pilota Elkartearen eta udalaren laguntzarekin, Euskadiko Elitea Banaka 2013 pilota txapelketa antolatu du, eta Azkoitiko udal pilotalekuan jokatuko dituzte norgehiagoka guztiak. Hogeita hiru urtez azpiko jokalariek hartuko dute parte txapelketan, eta Arabako, Bizkaiako, Gipuzkoako eta Nafarroako pilotariek eskuz banaka jokatuko dituzte partidak. Gaur hasiko da txapelketa, eta bi norgehiagoka izango dira, 17:00etatik aurrera: Mikel Rafael eta Irusta aurrez aurre izango dira, eta haien ondotik Imanol Arretxek eta Xabier Santxok jokatuko dute saioa. Hurrengo partidak igandean izango dira, 11:00etatik aurrera. Bi partida izango dira orduan ere: Urionabarrenetxea Ibai Arratibelen aurka arituko da, eta Beñat Mitxelenak Urretabizkaia izango du arerio. Abenduaren 13an izango dira finalerdiak, eta zortzi pilotari lehiatuko dira finalaren bila, 22:00etan. Finala, berriz, abenduaren 20an izango da, ordu berean. Gainera, ETB telebista publikoak zuzenean emango du partida. «Bizia» emateko premia Oteiza Pilota Elkarteko arduradun Jexux Anduezak jakinarazi duenez, Azkoitian azkenengoz duela hamar urte inguru jokatu zen txapelketa hau. Aurten, federazioak hala proposatuta eramango dute aurrera txapelketa herrian: «Federaziokoek adierazi zuten Azkoitia betidanik izan dela pilotazalea, eta horrexegatik pentsatu zuten aurten Gurea pilotalekuan egitea txapelketa». Anduezak jakinarazi du elkarteak «gustura» hartu duela berria, udal pilotalekua «aprobetxatu» egin behar delakoan baita: «Frontoi ederra dugu, eta bizi gehiago eman behar zaiola uste dugu. Izan ere, hilda baldin badago alfer-alferrik egongo da pilotalekua». Txapelketa herriarentzat «interesgarria» izango delakoan da elkartea, eta horregatik herritar guztiak gonbidatu ditu txapelketa ikustera joatera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide