Oinartxo-Eginoberriko lixibiatuen gainean Azpeitiko Lehen Auzialdiko epaitegiak eman duen ebazpenaren aurka helegitea jarriko du Hierros Eguino enpresak, UROLA KOSTAKO HITZA egunkariari jakinarazi dionez.
Hierros Eguinoren abokatuaren esanetan, ebazpena alde batera utzita, haren edukia «pobrea» da. «Ez ditu kontutan hartzen ez aurkeztutako dokumentazio ugaria eta ezta epaiketan bertan egindako testigantzak ere». Era berean, epaia epaiketa izan eta astebetera eman dutela azpimarratu dute, eta hori «harrigarritzat» jo dute.
Azpeitiko Lehen Auzialdiko epaitegiak eman duen epaia Azkoitia Lantzen udal sozietate publikoaren aldekoa izan da; joan zen azaroaren 4ean izan zen epaiketa, eta duela aste gutxi eman epaitegiak ebazpena. Epaileak ebatzi du zabortegiaren lixibiatuen kostuen ardura Hierros Eguinori dagokiola. Beraz, 2008. urtera arte Eginoberri eremuko zabortegiko lurren jabea izan zen enpresak 479.640 euro ordaindu beharko dizkio Azkoitia Lantzen-i. Era berean, zabortegiaren deskontaminazioa eta hango lixibiatuen depurazioa eta tratamendua ere bere gain hartu beharko du enpresak.
2008. urtera bitartean Hierros Eguino enpresa izan zen zabortegiaren lurren jabea; urte horretan Azkoitia Lantzen-ek erosi zizkion lurrak. Eskritura publikoak egitean adostu zuten, besteak beste, kutsatutako lurretatik sortzen ziren lixibiatuen tratamenduaren kudeaketa Azkoitia Lantzen-ek egitea eta lan horien kostua Hierros Eguinok ordaintzea. Era berean, agiri horien arabera, Hierros Eguino izango zen lur horien deskontaminazio lanen arduraduna. Azkoitiko Udal Gobernuak behin baino gehiagotan salatu izan du enpresak ez dituela bi konpromiso horiek bete, eta epaileak arrazoi eman die orain.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide