Larunbatetan umeentzako gunea irekiko dute Elkargunean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko urr. 31a, 16:58

Udazkenarekin batera, ohikoak dira hotza eta euria Euskal Herrian, eta eguraldi txarrari aurre egiteko txokoa prestatu dute Azkoitian. Udalak larunbatetan Elkarguneko gela nagusia zabaltzea erabaki du, «herritarrek adierazitako beharrari erantzuteko». Umeentzako gunea izango da, larunbatetan bertan jolastu eta arratsaldea pasatu dezaten. Etzi irekiko dute lehenengo aldiz gune estalia, eta aurrerantzean larunbatetan 16:00etatik 19:30era bitartean egongo da zabalik. Batez ere zortzi urte bitarteko umeei zuzendu diote egitasmoa. Dena den, udalak nabarmendu du egitasmoarekin «harago» ere joan nahi duela. Herriko familiek elkar ezagutzeko moduko gunea izan dadin nahi dute, eta horretarako gurasoen «parte hartzea, inplikazioa eta ahalmena» sustatu nahi du. «Gurasoek eta seme-alabek elkarrekin egoteko gero eta denbora gutxiago dutela jabetuta, familia osoak gozatzeko moduko aisialdi gunea sortu nahi da, familiek eurek sustatutakoa eta gurasoek eurek kudeatutakoa». Gune horretako erabiltzaileek erabakiko lukete zer gauza eskaini eta nola egin. Beraz, familia bakoitzak bere jostailuak eramatera eta jolasak han proposatzea animatu ditu udalak.
«Tokia irekita, giroa sortzea da orain erronka», adierazi dute. Dagoeneko familia batzuekin hitz egin du udalak, eta «ilusioz» hartu dute proiektua. Ume eta guraso guztiak gonbidatuta daude bertan parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide