Espainiako Kontuen Epaimahaiak Azkoitia Lantzenen kontuak ikertuko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko urr. 29a, 10:55

Espainiako Kontuen Epaimahaiak aurretiazko diligentziak zabaldu ditu Azkoitia Lantzen udal sozietate publikoaren 2004 eta 2008. urtera arteko kontuak ikertzeko, orduko jardueretan egon daitezkeen "irregulartasunak" argitu ditzan. Epaile instruktore bat izendatu dute, "susmopean" dauden kontuak ikertu ditzan. Hain zuzen, Txalon Erreka eremuan 2004tik 2008. urtera arteko salerosketak ikertuko ditu epaileak, udalak adierazi duenez, "eragiketa ekonomiko horietan irregulartasun zantzuak ageri direlako". Izan ere, orain gutxi Euskal Autonomia Erkidegoko Kontu Auzitegiak 2010eko ekitaldiari zegokion sozietatearen kontuak ikuskatu eta "arau ez betetzeak" aurkitu zituen hainbat operaziotan;  EAEko Kontu Auzitegiaren arabera, Azkoitia Lantzenek Txalon Errekako industriagunean 6,6 eta 3,4 milioi eurotan bi sail saldu zituen, eta honen arabera eragiketa hori justifikatuko lukeen «administrazioko espedienterik» eta prezioa zehazteko «balorazio txostenik» egin gabe gauzatu zen operazioa. Hala, Espainiako Kontuen Epaimahaiak orduko eragiketak ikertzea erabaki du orain. Ikerketaren aurrean udalak esan du "bere esku dauden baliabide guztiak" jarriko dituela arduradunen eskura, auzia argitzeko. "Azkoitia Lantzenen egoerak, Udalaren eta, ondorioz, azkoitiar guztien etorkizuna baldintzatzen du, eta horregatik orain arte egin dugun bezalaxe ardura osoz jokatuko du udal gobenuak". Azken urteetan hainbat neurri hartu izan dituzte Azkoitia Lantzenen egoera argitu eta etorkizuna bermatzeko; besteak beste, EAEko Kontu Auzitegiak ez ezik Agin aholkularitza enpresak ere sozietatearen kontuak ikuskatu ditu, eta udalak hainbat neurri hartu ditu bere hondarea babesteko. "Ikuskaritzak aurreko urteetako kudeaketan detektatutako irregulartasunak agerian utzi zituen, eta horien ondorioz zuzenketa garrantzitsuak egin behar izan ziren 2010 eta 2011ko kontuetan". Udalaren arabera, Udalak EAEko Kontu Auzitegiak egindako txostenean  aurkeztutako alegazioetan aurrekari guzti horiek jasotzen dira; "espediente hau Estatuko Kontuen Epaimahaira iritsi denean, udal sozietatearen kontuak ikertzea erabaki du honek".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide