Azkoitiko udaletxean Espainiako bandera jarriko dute datozen egunetan, "ezinbestean"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko urr. 28a, 17:44

Udaletxe kanpoaldean eta pleno aretoan jarriko dute bandera
(Hitza) Azkoitiko Udalak jakinarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aginduz Espainiako bandera jarri beharko duela udaletxean datozen egunetan. Kanpoaldean eta pleno aretoan jarri beharko dute bandera, "ezinbestean eta inposatuta". Izan ere, udalak argitu du ikur horiek ez dituela bere egiten eta "onartzen". Beraien "borondatearen aurka" egingo dutela ohartarazi dute, agindua bete ezean "ondorio larriak" izan ditzaketelako. Azaroaren 4ean amaituko zaie Espainiako bandera jartzeko epea, eta egun horren bueltan jarriko dutela adierazi dute. 2011. urteko abuztuaren 22an Espainiako Gobernu Ordezkaria den Carlos Urkijok Espainiako bandera jartzeko eskatu zion Azkoitiko Udalari, 39/81 legea ez zuelako betetzen. Izan ere, legeak dio derrigorrezkoa dela Espainiako banderak udaletxearen kanpoaldean eta pleno aretoan "lehentasuneko tokia" izatea. Udalak legea ez zuela betetzen argudiatuta, Administrazioarekiko Auzialdiko Epaitegira jo zuen Espainiako Gobernu Ordezkariak; auzitegiak haintzat hartu zuen honen eskaera, eta legea betetzeko agindua emanez sententzia atera zuen iazko ekainaren 11n. Udalak helegitea jarri zuen honen aurka, "legezko epearen barruan". Dena den, adierazi dute auzitegiak helegitea atzera bota duela, eta pasa zen uztailean eta irailean jakinarazi zieten bi hilabeteko epean jarri beharko zutela Espainiako bandera. Agindua betetzen ez badute, alkateak hiru eta hamabi hilabete bitarteko kartzela zigorra eta kargu publikoan aritzeko sei eta bi urtera bitarteko inabilitazioa jaso dezake, udalak esan duenez. Hala, ezarri diezaieketen ondorioak aintzat hartuta eta "ezinbestean" jarriko dutela berretsi du udalak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide