Azkoitiko Libre dinamikaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko urr. 25a, 15:54

Zakela Libre taldearen aurkezpena, ostiralean
(Zakela Libre taldea) Azkoitiko Zakela Libre taldeak Azkoitiko Libre dinamikaren aurkezpena egin zuen joan zen ostiralean. Zakela Kultur Elkarteak 35/02 sumarioari dagokion epaiketan deklaratu beharko du, Euskal Herriko beste 109 kultur elkarteekin batera. Epaiketa eta haren balizko ondorioak salatzeko Zakela Libre dinamika jarri dute martxan, eta azaroaren 30ean egingo dituzten ekintzetan babesa emateko dei egin die herritarrei. Hemen irakur daiteke taldeak plazaratu duen oharra: "Zakela Kultur Elkartea 1991. urtean sortu zen, ezkerreko eta abertzaleak ziren hainbat Azkoitiar bildu zirenean, eta herritar hauek egindako ekarpenekin, Zakela Herriko Taberna ireki zuten herriko plazan. 22 urte hauetan jarduera publikoa eraman du eta kultur talde batek aurrera eraman zezakeen jarduera eraman du: Pala Txapelketa, Xake txapelketa, eztabaida literarioak, pelikula emanaldiak, etab. Baina, 2002. Urtean, hamarkada bat bete berritan, Herri batasunaren kontrako 35/02 sumarioa ireki zuen Auzitegi Nazionalak, eta Zakela taberna sumario barruan sartu zuten. 2006ko urrian Guardia Zibila Herriko Taberna guztietan sartu zen (tartean, Zakelan) inbentario bat egiteko eta kontuak blokeatu eta lokala prebentiboki enbargatu zuen. 11 urte luzeetan sumario geldirik egon ostean, eta horrek eragin dituen zailtasun guztiak kontuan izanik, urriaren 20an epaiketa hasi zen. Prozesu judizial honek milaka euroko gastuak eragin eta ixteko mehatxua egiteaz gain, proiektuaren garapena oztopatu du. 110 kultur elkarte desjabetzeko arriskuan daude, tartean Zakela Kultur Elkartea eta elkarte horietako 110 arduradunek Madrilen deklaratu beharko dute. Azkoitiko kasuan, zakelako lehendakaria den Aitor Sudupek “Motza”, otsaila inguruan deklaratu beharko du. Honek Kostu ekonomiko altua ekarriko dio elkarteari, abokatu, prokuradore eta tasa judizialei aurre egin behar dielako. 2000€ -ko kostua, epaiketa 5 hilabetetan bukatu ezkero. Urriaren 20an Espainiako Auzitegi Nazionalak 80 euskal herritar eta ezker abertzaleko dozenaka lokalen kontrako epaiketa hasi zuen. 11 urte eta gero epaiketaren hasiera ez da kasualitatea. ETA erakundearen erabaki historikoaren 2. urteurrenarekin batera hasi da. Mezua garbia da, Estatuak ez ditu gatazkaren ondorioak konpondu nahi, gatazka politikoa lehen planoan jartzeko beldurrez delako. Horregatik gogortzen du espetxe politika, horregatik epaiketak. Epaitu aurretik zigortuak izan gara. Auzi honetan epaitutako pertsonak, dagoeneko 40 urteko espetxe zigorra beteta daukate eta 1,7 milioi € fidantzatan ordainduta. 40 lagun hauek politika egiteko debekua ezarrita daukate eta astero sinatzera joan behar dute. Hau gutxi izango balitz kontu korronte pertsonalak blokeatuta dauzkate. Gainera epaiketa bera zigorra da. Hilabete luzeetan Madrilen egon beharra, lan arazoak, famili arazoak, kostu ekonomiko itzela (Hilabetea 150.000 €). Beraz sententzia aurretik zigortuak izango gara. Honen aurrean, Azkoitian ZAKELA LIBRE dinamika martxan jarri da, 35/02 auzian, Zakela Kultur Elkarteari erantzukizun zibila eskatzen baitzaio, Zakela Kultur Elkartea ixteko arrisku larrian jarriz, herriko plazan duen lokalaren jabetza kenduko baitiote. Beraz, Zakela Kultur Elkarteak Azkoitiko herritar eta herri eragile guztiei dei egiten die LIBRE DINAMIKAren baitan azaroaren 30n burutuko diren ekintzetan euren atxikimendua eta babesa eman dezaten, inoiz baino gehiago, herriaren esku baitako horrelako zentzugabeko eta bidegabeko auziak gelditzea". ZAKELA LIBRE TALDEA

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide