Txetxu Urbietak Diego Garciari buruzko liburua idatziko du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko urr. 10a, 17:17

Alberto Juzdado eta Diego Garcia, artxiboko irudi batean
(Hitza) Hurrengo urtean hogei urte beteko dira Diego Garcia korrikalari zenak bere ibilbide profesioneko "arrakasta handiena" lortu zuenetik. Izan ere, 1994. urtean Helsinkin Europako maratoi txapelketan  zilarrezko domina lortu zuen azkoitiarrak. Hori hala, Garciaren kirol ibilbidea jasoko duen egitasmoa prestatzen ari dira haren lagun batzuk; tartean, Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko kirol zuzendariak hari buruzko liburua idatziko du; argitu dutenez, 2014ko ekainean argitaratuko dute liburua eta haren inguruko webgunea.
Proiektu osoa Azkoitian eta Azpeitian egingo dute: "Jakina da bi herrientzat une zailak direla, baina proiektu honekin erakutsi nahi dugu bi herri horiek lanean jarraitu eta gauza berritzaileak egiteko gai direla. Diego Garcia maratoi modernoaren aitzindari izan bazen, ekainean argitaratuko den lan honek ere, bere esparruan, produktu moderno eta berria izan nahi du", adierazi dute.
Antolatzaileek jakinarazi dute egitasmoak irabazi gabeko asmoa duela. Hala, inongo etekinik ateraz gero, Azkoitiko eta Azpeitiko kirol ekimenetara bideratuko dute. Proiektua finantzatzeko, berriz, kanpaina jarriko dute abian, ahalik eta laguntzaile gehien batu daitezen: "Bailarako herritar, enpresa edo dendek egitasmo honetan parte hartzeko aukera izango dute diru laguntza apalen bidez. Asmoa da laguntza txiki askorekin denon mesederako izango den produktu erakargarria egitea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide